"Ilusio handiena da danborradan alabarekin batera ateratzea lehen aldiz"
Kresala elkarteak urrezko suila eman ohi die 25 urtez danborradan jotzen atera diren kideei. Aurten, Maribi Alonso, Mari Mar Estella, Ander Urdapilleta, Jabi Gonzalez eta Iñigo Piera omenduko dituzte. Iñigo Pierarentzat (Parte Zaharra, 1965) urteko egunik onena da San Sebastian eguna, eta elkarteko danborradan izandako bizipenez aritu da Irutxuloko Hitzarekin.
Gogoan al duzu danborradan atera zinen lehen aldia?
Lehen aldia ez, baina gogoan dut ateratzen ginela kasakarik gabe, oso baliabide gutxirekin. Alkandora zuri bat jantzita ateratzen ginen. Xabier Otaegi zen zuzendaria ni hasi nintzen garaian. Gogoan dut baita ere entseguak Los Angeleseko eskolaren patioan egiten genituela. Salletarren eskola zen hura. Eskola handia Loiolan zuten, eta txikia Parte Zaharrean zegoen. Lotura handia zuten San Bizente parrokiarekin. Gaur egun Donostiako Orfeoiaren egoitza da eraikina. Sotoan kiroldegi moduko bat zuten, eta Kresalakoak han elkartzen ginen. Oso gazteak ginen!
Zenbat urterekin hasi zinen Kresalan jotzen?
18 urte izango nituen, Kresala nagusian ateratzeko gutxienez 18 urte izan behar dituzulako. Goizeko zazpietan ateratzen ginenez, gaupasa egiten genuen. Gaur egun ez dut gaupasarik egiten, bestela bi hilabete behar ditudalako errekuperatzeko, baina gogoratzen dut San Sebastian bezperan kuadrillakook elkarrekin afaltzen genuela. Kuadrillan baginen lauzpabost Kresalan ateratzen ginenak. Orduan, zer egiten genuen? Parranda egin. Goizeko bostetan momentu kritiko bat egoten zen, baina luzatu egiten genuen; seietan etxera joan, dutxa bat hartu, jantzi, eta zazpietarako Kresalara joan.
Nolako harremana izan duzu Kresala elkartearekin?
Ba, hasieratik izan dut lotura. Kresalak oso harreman polita izan du auzoarekin, oso lotura estua izan duelako. Hasieran, Kresala elkartea San Bizente elizak bultzatu zuen, inguruko gazteak erakartzeko eta haiek leku bat izan zezaten. Beti dantza eta euskal kulturaren inguruan ibili da elkartea. Horrez gain, beti oso lotura estua izan du auzoko egitasmoekin. Gaur egun bazkideak leku guztietakoak dira, baina garai batean denok ginen auzokoak.
Zailtasunik izan al duzu inoiz danborradan ateratzeko?
Lau urtez kanpoan izan nintzen, Bordelen bizi nintzelako, lanarengatik. Halere, beti lortzen nuen jaieguna izatea, ihes egitea eta danborradan parte hartzea. Izan ere, niretzako San Sebastian eguna da urteko egunik onena, dudarik gabe. Handik bueltan Tolosan hasi nintzen lanean, beste eskola batean. Bitxia da, baina 20 kilometrora egonda ez nuen lortu San Sebastian egunean jai izatea. Gogoan dut lanera joateko esnatu nintzela, autoa hartu nuen lanera joateko, eta zerekin gurutzatu, eta Kresalaren danborradarekin! Amorrua eta pena sentitu nuen… baina ezin nuen ezer egin. Une gogorrak ere gogoratzen ditut. Adibidez, ETAk Jose Antonio Santamaria hil zuenean 1993ko San Sebastian bezperan. Gogoratzen dut ez genekiela zer egin: atera edo ez atera. Batzuk atera ziren, beste batzuk ez, beste batzuok atera ginen eta ibilbidearen erdian alde egin genuen… Uste dut egunak ere lagundu zuela tristura horretan, sekulako euri jasa izan baitzen.
Berezitasunik ba al du Kresalaren danborradak?
Danborradarik onena da; bakarrak gara ibilbidearen erdian geratzen garenak Askatasunaren hiribidera joateko eta gosari eder bat hartzeko. Avenida XXI kafetegian elkartzen gara. Guretzat bakarrik irekitzen dute. Kafea edo txokolatea eta croissantak gosaltzen ditugu. Ondo gosaldu, eta bigarren zatia egiten dugu. Lehendabizi, buelta bat ematen dugu Parte Zaharretik, eta gero udaletxetik Askatasunaren hiribideraino joaten gara. Handik bueltan Loiola kalean, Gipuzkoa plazan, Sarriegi plazan, Konstituzio plazan eta Kresalan gelditzen gara. Gero, Union Artesana ikustera joaten gara. Artesanan ere nire lagunak ateratzen dira. Aurten, gainera, berezia izango da, oso laguna nuen nire lehengusu bat hil egin delako, eta omenaldia egingo diotelako. Eta ondoren bandera jaitsierara joango gara. Gu bandera igoerara ez gara joaten. Jaitsiera intimoagoa da; gustatzen zait giroa. Aurten, ordea, larunbata izanik… auskalo!
Beste oroitzapen bereziren bat duzu?
Gogoratzen dut hasieran Gaztelubide elkarteak atea ixten zigula. Orain, Ollagorrak esan du emakumeak aterako direla, eta, txalotu behar al ditugu? XXI. mendean txalotu behar da elkarte bat emakumeei danborra jotzen uzten dielako? Lotsa eman beharko lieke. Lotsagarria da, ezin zaio hauspoa eman albiste horri.
Kresalan atera ziren lehen aldiz emakumeak. Hura nik ez nuen bizi, baina ni ateratzen nintzenean, Gaztelubidera joaten ginenean jotzera, ateak itxita zeuden. Gaur egun justu kontrakoa da, izugarrizko harrera egiten digute. Lehen, gu izurridunak ginen. Emakumeak ateratzen ziren, eta emakumeekin ateratzea oso arriskutsua da, badakizu. Beraz, ez, ez zait iruditzen txalogarria. Erabaki hori hasieratik hartu behar zuten. Eta oraindik badira danborrada batzuk Parte Zaharrean bertan, oraindik emakumeak onartzen ez dituztenak. Tradizioaren izenean tontakeria handiak egiten dira.
Ilusioa egiten dizu elkarteak emango dizun urrezko suilak?
Ilusio handiena da danborradan alabarekin batera ateratzea lehen aldiz. Eta bi urteren ondoren, berriz ere danborrada egin ahal izango dugu. Oso luze egin zait!