Indarkeria sexistaren aurkako artatze puntua jarriko dute San Sebastian bezperan
Donostiako Udalak, Berdintasun Bulegoaren bitartez, eraso sexistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko kanpainarekin jarraitzen du. San Sebastian egunaren harira, jaietan halako erasoak areagotu egiten direla eta, puntu morea jarriko du Bulebarreko prentsa kioskoan. Eraso sexisten aurkako informazio eta artatze gunea izango da, eta, urtarrilaren 19an irekiko dute, 22:00etan, eta 02:00ak arte izango da zabalik.
Bestalde, Parte Zaharreko 200 tabernatan eraso matxisten inguruko informazioa banatuko dute. Formatzaile eta hezitzaile gazte adituek egingo dituzte. Bi jarduera horiekin eraso sexisten aurkako jarrera proaktiboak sustatu nahi dituzte, eta eraso sexistak pairatzen dituzten emakume eta neskei arreta eman nahi zaie.