San Frantzisko kaleko eraikin batean ere etxebizitza turistikoak debekatu dituzte bizilagunek
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatua kanpaina bat abiatzekoa da, bizilagunak antolatzera deitzeko, euren blokeetan jarduera ekonomiko oro debekatzeko, etxe turistikoak barne. Horretarako gida bat argitaratuko du Saretxek, bizilagunen komunitateetan jarduera ekonomikoak debekatzeko jarraituko beharreko jarraibideekin.
Oraindik ez dute gida atera, baina dagoeneko Groseko bi bloketan gutxienez bizilagunak ados jarri dira etxebizitza turistikoak debekatzeko: pasa den astean Usandizaga kaleko 13. zenbakiko kasuaren berri eman zuen Saretxek, eta San Frantzisko kaleko 19. zenbakiko bizilagunek gauza bera egin dutela jakinarazi du orain. “Gida oraindik publiko egin ez, eta jada auzokideak antolatzen hasi dira etxebizitza turistikoak debekatzeko. Oraingoan San Frantzisko kalean! Antolakuntzaz, auzokideak defendatu!”, adierazi dute sare sozialetan.
Bizilagunen komunitateko estatutuak aldatu behar dira komunitate horretan jarduera ekonomikoak debekatzeko, eta hori guztia nola egin behar den azalduko dute Saretxekoek gidan. “Bizilagunak bildu eta antolatu ahal dira, euren blokean jarduera ekonomikoak debekatzeko. Bere garaian, bizilagun bat kezka horrekin etorri zitzaigun, eta ikusi genuen auzoan aukera zegoela lanketa bat egiteko zentzu horretan”, azaldu du Jon Basterra Saretxeko kideak.
Hala ere, Saretxekoaren arabera, estatutuen aldaketa ezin da atzeraeraginez aplikatu. Hau da, estatutuetan jarduera ekonomikoak debekatzeko aldaketa egin aurretik dauden etxebizitza turistikoei edo bestelako jarduera ekonomikoei ez zaie debekua aplikatzen. Ordea, Basterraren arabera, etxebizitza hori jabez aldatzen bada, hurrengo jabeak ezingo luke bertan etxebizitza turistiko bat jarri, lizentzia bertan behera geldituko litzatekeelako”.