San Martin komentuko hotelak 21.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio bizilagun bati
Hotel Zenit Palacio de Amara S.L. enpresak, San Martin kaleko komentu zaharreko hoteleko jabeak, 21.422,92 euro baino gehiagoko kalte ordaina eman beharko dio bizilagun bati, epaitegi batek hala zigortuta. El Diario Vasco egunkariak eman du albistea, eta argitaratu duen informazioaren arabera, Convento San Martin hoteleko lanetan ondoko eraikineko bizilagun baten etxea kaltetua izan zen. Kalte moralengatik eta bizilagunaren etxeko kalteak konpontzeko lanen kostuarengatik eman beharko du kalte ordaina enpresak: 18.000 euro kalte moralengatik eta 3.422,92 euro bizilagunak bere etxebizitzan egin behar izan zituen lanengatik.
Epaia behin betikoa da, eta jasotzen du bizilagunak “zortzi hilabetez filtrazioak eta hezetasunak” jasan zituela. Filtrazioek eta hezetasunak “etxebizitzaren bizigarritasunean eta osasungarritasunean” eragina izan zuten, eta “kezka eta egonezina” eragin zioten bizilagunari.
Mariaren Zerbitzarien komentu zaharra 2016an erosi zuen Zenit hotelen kateak, eta eraikina egokitzeko lanak 2017ko ekainean bukatu zituzten. Ordea, ondoko eraikinaren aldeko fatxada ikusgai gelditu zen, babesik gabe. Horrela, lanetako arduradunek poliuretanoarekin estali zuten fatxada hori, isolatzeko. Hotela irekitzeko lanen lizentzia ez zuten 2018ko maiatzera arte eskuratu, eta 2019ko irailera arte ez zuten fatxada behar bezala estali.
Fatxada 27 hilabetez egon zen poliuretanozko behin-behineko babesarekin, eta kaltetutako bizilagunak salatu zuen denbora tarte horretan horma babesik gabe egon zela, ura hainbat aldiz sartu zen fatxadatik, iragazketak eta pitzadurak izan zirela, eta fatxada bera usteldu zela. Bizilagunen komunitateak erreklamazio bat ere egin zion udalari, gertatzen ari ziren “ur sarrera masiboengatik”, etxebizitzetan “putzuak” agertzen ari zirelako eta “horma usteltzean koadroen takoak erortzeko” beldur zirelako. Hain zuzen ere, 2019ko martxoan, Udaltzaingoaren esku hartze bat izan zen eraikinean, “uholde handi bat” zela eta.
Antxon Iruretagoiena abokatu donostiarra da alde eskatzailearen ordezkaria, eta 6.500 euroko kalte ordaina eskatu zuen lanek bizilagunaren etxebizitzan eragindako kalteengatik, eta 26.200 euroko kalte ordaina bizilagunak pairatutako kalte moralengatik. Enpresa eskaeraren aurka agertu zen, lanak beste enpresa baten bidez egin zituztela eta kaltetutako eraikina lanen aurretik dagoeneko kaltetuta zegoela argudiatuta. Era berean, gaineratu zuen eskaeran “esajerazio argiak” zeudela. Horrez gain, hotelaren enpresak azaldu zuen bere aseguruak bizilagunari aurretik ia 2.000 euro eman zizkiola, bizilagunak lanen harira helarazitako parte baten harira, eta ordainketa horrekin “kalte posible guztiak behar bezala ordainduta” zeudela argudiatu zuen. Aldiz, epaitegiak enpresa zigortzea erabaki du.