Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak herritarren babesa eskatu du
Larunbatean 11 urte bete ziren Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle, linguista eta politikari donostiarra zendu zenetik (Antigua, 1929-2012), eta, ohiko legez, haren omenezko ekitaldia egin zuten Antiguako Gaskonia plazan, baita plazari Txillardegiren izena jarri ere. Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak antolatu zuen omenaldia, eta beste behin ere, Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko aldarrikatu zuten.
Herri ekimenekoek azaldu dutenez, joan den urtean euren esku zegoen guztia egin zuten “Txillardegiren heriotzaren X. urteurreneko ekitaldia azkena izan zedin, gaur arte izenik izan ez duen Donostiako Udaleko Liburutegi Zentrala Txillardegi Udal Liburutegia bihurtzeko ahaleginean”. Hain zuzen ere, iaz lortu zuten “ehunka idazlek, kulturgilek eta unibertsitateko irakaslek” egitasmoa babestea.
Liburutegiari Txillardegiren izena jartzea lortu ez badute ere, 2019tik hona idazle donostiarraren figuraren aitortza publikoan “urrats garrantzitsuak” eman direla gogorarazi dute: “Hala nola, Korrikak Txillardegiri eginiko aitormena eta Klipa, EHUko Donostia Campuseko Carlos Santamaria Zentroan zabaldutako Txillardegi Erakusketa Aretoa, Klusterraren eskutik sorturiko Txillardegi Hausnarketa Saria, Oñatiko Udalak Arantzazuko Milikua etxean Txillardegiri jarritako oroigarria eta Euskaltzaindiak Mauleko udaletxean antolatutako erakusketa, ehunka irakasle, idazle eta adituen sinadura jaso zuen agiriarekin. Nabarmentzekoak izan dira Hendaiako Udalarekin elkarlanean eginiko Txillardegiren lanaren irakurketa Klara Badiola, Asier Hernandez, Iñigo Peñalva, Rakel Aldasoro eta Joseba Urzelairen laguntzarekin. Eta, bestetik, Xabier Madariagaren eskutik, ETB1 kateak urtarrilaren 12an Txillardegiren iloba den Eneka Alvarez Loidi protagonista izanik eman zuen dokumental eder eta arrakastatsua. Zoritxarrez, ez da nahikoa izan udal mandatarien borondate politiko falta gainditzeko”.
Hala ere, herri ekimeneko kideek nabarmendu dute ez dutela amore emango: “Agian udal hauteskundeetan [maiatzaren 28an izango dira] osatuko den udal korporazio berriak aukera horri ateak zabalduko dizkio. Ikusiko dugu, baina guk ez dugu amore emango”. Horrela, herri ekimena babesten jarraitzeko eskatu diete herritarrei: “Elkarteari adierazi diozuen sostenguari eusteko eskatu nahi dizuegu, bai antolatu ditugun egitasmoetan parte hartuz, zein babes ekonomikoa emanez”. Horrela, ekarpen ekonomikoak Laboral Kutxako ES31-3035 0075 47 0750058627 kontu korrontean edo elkarteko koordinatzaile Joseba Alvarezi bizum bat eginez, Txillardegi ekarpena kontzeptuarekin, 696-75 57 41 telefono zenbakira.