Haurrak prest daude danborradarako
Bi egun eskas baino ez dira gelditzen San Sebastian egunerako, eta bi urteren ondoren, bere horretan ospatuko da Donostian. Haurrek dagoeneko iaz desfilatzeko aukera izan zuten hainbat auzotan banatuta, baina aurten Alderdi Ederretik abiatuta desfilatuko dute, eta gogoz daudela erakutsi dute Viktoria Eugenia Antzokian egin duten aurkezpenean.
Haur Danborrada hilaren 20ko 12:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik, eta 4.731 haurrek hartuko dute parte. Aipamen berezia egin diete Danbor Nagusiaren eta pertsonaien rolak egingo dituzten Orixe eta Zurriola ikastolei, eta baita aurtengo haur danborrada berriei ere: Union Artesana elkartearenari eta Amassorrain Ikastolarenari; Añorgako ikastolak Errekalde Gastronomi Elkartea izenarekin desfilatzen zuen 1991tik, baina ikastolako gurasoek antolatzen dute orain. Konpainiek antzinatasun historikoaren arabera desfilatzen dute (zaharrenak lehenengo), eta aldaketa dela eta, Amassorrainek antzinatasuna galdu du eta desfileko azkena izango da orain.
Han izan dira desfilatuko duten 48 konpainietako ordezkariak, aurkezpen ekitaldia bertatik bertara bizitzeko. Donostiako Antzinako Martxa-k ireki du ekitaldia, Gero Axular taldekoen dantza emanaldiarekin. Jarraian, Sun magoaren eta Elvi bentrilokuoaren ikuskizunak izan dira, eta baita San Sebastian egunean dena ondo atera dadin lanean ariko diren Sureuskadi enpresako langileen bisita ere. Haurrak pozaren pozez oihuka hasi dira ondoren, ETB1-eko Irabazi arte telesail eta Go!azen saio arrakastatsuko aktoreak igo baitira oholtzara: Irabazi arte-ko Sua Enparantza eta Ane Iturrate donostiarrak (Antiguakoak biak), eta Go!azen-eko Lorea Intxausti, besteak beste.
Bentrilokuoaren beste emanaldi txiki baten ondoren, konpainiak aurkeztu dituzte, eta banan-banan oholtzara igo dira, txalo artean. Pertsonaiak eta Danbor Nagusia ere aurkeztu dituzte: Orixeko Paul Martinez Pey izango da Danbor Nagusia, eta Zurriolako haur hauek pertsonaiak: Irati Martinez jenerala eta bere laguntzaile Unai Barros, Xebastian Jauregi alkatea, Lorea Lasala eta Julen Vitoria hiritarrak, Inge Beristain notarioa, June Urbizu batelaria, Telmo Etxebeste arrantzalea, Julene Mintegi inudea, Maren Esnaola artzaina, Haizea Ruiz irulea, Danel Ibarrondo dendaria, Lur Apalategi urketaria, Julen Eskisabel mandazaina eta Danel Mendiguren, Gari Barandiaran, Garazi Garcia de Andoin, Nahia Larruskain, Nikole Antoñanzas eta Jon Muñoz palafrezainak.
Eneko Goia alkateak makila eman dio Danbor Nagusiari eta dominak pertsonaia batzuei, eta mezu argi bat helarazi die haurrei: “Gozatu ezazue San Sebastian eguna!”. Ekitaldia San Sebastian Martxa denek batera joz bukatu dute, eta argi gelditu da haurrak prest daudela San Sebastian egunerako.
Jarraian, ekitaldiko irudi bilduma: