Madrilgo Jai Alai danborradak 25. urteurrena ospatuko du San Sebastian egunean
Donostian ez ezik, munduko beste leku batzuetan ere entzun ohi dira danbor eta upel hotsak San Sebastian egunean, besteak beste, Madrilen. Hain zuzen ere, Jai Alai konpainiak jaia Madrileko kaleetara eramaten du urtero, eta 25 urte beteko ditu aurten. Pandemiaren ondorioz, azken bi urteotan ezin izan dute jo, eta, beraz, bereziki “pozik” agertu dira konpainiakoak.
Danborrada hori 1998an sortu zuten, “hamabost donostiar gogotsuk”, konpainiaren hitzetan. Gaur egun, 60 bat kide ditu, eta danborradakoek nabarmendu dute “jendearen maitasuna eta Donostiako erakunde publiko zein pribatuen errespetua eta aintzatespena” dutela. Madrilgo Jai Alai jatetxearen bueltan jaio zen danborrada, eta, hain zuzen ere, jatetxearen ondoan jo ohi dute San Sebastian martxa bezperan, urtarrilaren 19an. Hamabost bat minutuz jotzen dute, baita Donostiako bandera zintzilikatu ere. Ondoren, jatetxean afaltzen dute 400 bat lagunek, eta jotzen jarraitzen dute. Jatetxe horrek, hain justu, 100 urte bete zituen iazko azaroan.
25. urteurrena dela eta, 2023ko San Sebastian eguna “oso berezia” izango dela nabarmendu dute konpainiakoek. “Uste dugu Donostian ez dagoen danborrada batentzat ez dela batere erraza 25 urte betetzea”, gaineratu dute. Aurtengoa berezia izango denez, berritasun gisa, San Sebastian martxa abestuko duen abesbatza bat izango dute lagun, eta San Sebastian egunean bertan hainbat kide Donostiara etorriko dira, hilaren 21ean hiriko hainbat konpainiatako zenbait kiderekin batera bazkaltzeko. Normalean, Jai Alai danborradako hamabost bat lagun etorri ohi dira Donostiara, baina ohartarazi dute aurten “dezente gehiago” izango direla, ziurrenik.
Jai Alai danborradaren mugarriak
Urteurrenaren bueltan, zenbait mugarri nabarmendu dituzte Jai Alai danborradakoek: “Duela hamalau urte emakumeen konpainia sortu genuen, gaur egun hamabost kide baino gehiago dituena; Iñigo Zurita saria sortu dugu, 2008tik bost aldiz eman dieguna Donostiaren izen onaren zabalkundean lagundu duten pertsona edo erakundeei; gure 20. urteurrenean banda bat sartu zen, eta harrezkero urtero laguntzen digu; Donostiako hiru danborradarekin senidetu gara: Anastasio, Mons eta Union Artesana; urtarrilaren 20an, lehenengo biek aukera ematen digute gure 12-15 danborrarik eurekin jotzeko Donostian; eta, 2019an, Donostiako Udalaren webguneak danborrada guztien zerrendan sartu gintuen”.
Beste hainbat lorpen garrantzitsu ere gogorarazi dituzte: “2010ean Madrilgo Burtsan jo genuen, Eusko Jaurlaritzak eskatuta; 2016an, hiriko gainerako danborradekin batera, Kontxako hondartzako desfilean parte hartzera gonbidatu gintuzten, Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren ekitaldi inaugural gisa. Urte horretan bertan, Tupperen Karga pieza entzun genuen Donostian, Francisco de Paula Garcia gure danborrariak konposatua eta Jose Mari Oiartzabalek bandarako moldatua. Pieza hau Union Artesanaren abuztuaren 31ko ekitaldietako errepertorioari erantsita dago”. Halaber, Anastasio elkartearen Manolo Mujika saria jaso zuten 2011n, eta Union Artesanaren Bosteko saria 2017an, eta horretaz “oso harro” daudela nabarmendu dute.