Zortzigarren garaipena jarraian, eta final-laurdenetara
Reala helburua beteta atera zen atzo Anoetatik: Mallorcari irabazi zion kopako final-zortzirenetako kanporaketan, eta final-laurdenetan egongo da. Ligako eta kopako partidak gehituta, zortzi neurketa jarraian irabazi dituzte txuri-urdinek, eta argi uzten ari dira Munduko Txapelketaren etenaldiak ondo egin diela. Gainera, astearteko garaipenarekin, Imanol Alguacil entrenatzaileak bere ehungarren garaipena lortu du taldeko entrenatzaile gisa, eta 1980ko hamarkadako bi ligak irabazi zituen Alberto Ormaetxearen garaipenen ehunekoa gainditu du: 157 garaipen lortu zituen Ormaetxeak 324 partidatan, eta Alguacilen 100 daramatza, 205 partidatan.
Alguacilek hainbat aldaketa egin zituen hamaikakoan, jokalari garrantzitsu batzuei atsedena emateko, eta aipagarria da Oiartzabalek partida guztia jokatu zuela. Horrela ere, lehenengo zatian oso nagusi izan zen etxeko taldea, eta Mallorca defendatzera mugatu zen, halabeharrez. Arriskua oso erraz sortu zuten txuri-urdinek lehenengo minutuetan, eta horrela iritsi zen Robert Navarroren gola, bosgarren minutuan. Zubimendiren pase on bat gol bihurtu zuen aurrelariak. Ondoren, 31. minutuan, Oiartzabalen gol bat bertan behera utzi zuen epaileak, jokoz kanpo zegoelakoan.
Arriskua sortzen jarraitu zuten txuri-urdinek lehenengo zati guztian, baina abantaila minimoarekin iritsi ziren atsedenaldira. Mallorcak 60. minutuan sortu zuen arriskua estreinakoz, jaurtiketa bat zutoinera bidalita, eta hortik aurrera Reala ez zen gai izan lehenengo zatian bezain nagusi izateko.
Alguacilek hainbat aldaketa egin zituen bigarren zatiaren lehenengo minutuetan, eta taldeak martxa bat jaitsi zuen, markagailuari eusteko eta, ahal bazuten, bigarren gola egiteko. Ordea, ez zen bigarrena iritsi, eta hotzari eta euriari aurre eginez Anoetan bildutako 23.408 lagunen animoak behar izan zituzten txuri-urdinek markagailuari eusteko.
Final-laurdenetan dago Reala, eta badirudi talde honek ez daukala mugarik: ligako hirugarren postuan sendo, kopako final-laurdenetan gehiegi sufritu gabe eta Europa ligako final-zortzirenetan multzoen fasean bere multzoko lider izan ondoren. Hoberena iristear dago.