Javier Garcia Cogorrorena da aurtengo Urrezko Danborra
Eneko Goiak aurtengo Urrezko Danborra eman dio Javier Garcia Cogorrori, eguerdian udalbatza aretoan egin duten ekitaldi jendetsu batean. Bertan izan dira enpresariaren familia eta lagunak ere, eta Garcia “oso eskertuta” agertu da Iriyarena abestia entzun eta dantzatzen zuen artean jaso duen sariarekin.
Javier Garcia Cogorro (Madril, 1963) Miramongo Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen Viralgen enpresaren egungo kontseilari delegatua da. “Bere kudeaketa eraginkorrak terapia genikorako bektore biralak ekoizten dituen enpresa berritzaile hau medikuntzaren historia aldatzen ari den sektore baten mundu mailako erreferente bihurtu du”, nabarmendu dute ekitaldian.
Garcia Cogorrori Urrezko Danborra entregatu diote, Donostiarekin duen “inplikazio pertsonal, profesional eta emozionalagatik, hiria zientzia eta berrikuntzan nazioarteko erreferente gisa kokatzeko egindako ahalegin eta lanagatik, gorabidean dagoen eta balio ekonomiko eta sozial handia duen Biozientzien eta Osasunaren sektorea garatuz, eta talentua sortzearen eta erakartzearen aldeko apustu trinkoa eginez”.
Goiak adierazi duenez, “Javier bezala osasunari lotutako proiektu zientifikoak bultzatzen dituzten pertsonei esker, gaixotasunak giza ezagutzak konpon ditzakeen desmoldaketak direla pentsa dezakegu”.
Alkatearen iritziz, gaur Javierri eskaini dioten aitorpenaren atzean “lan handia” dago. “Berak egindako lana, bere lantaldeak egindako lana, lantalde askok egindakoa. Guztiek, etengabe, modu iraunkor eta isilean behin eta berriz bilatzen dute, saiakerak egiten dituzte, pentsatzen dute, proposatzen dute, entseatzen dute, harik eta itxuraz konponezinak diren arazoen konponbideak aurkitzen dituzten arte”, azaldu du.
Bestalde, Goiak adierazi du “ez dela kasualitatea” Viralgen, eta Garciak bultzatu dituen proiektu guztiek beren esparrua Donostian aurkitu izana: “Gure hiria eta lurraldea aspalditik ari dira apustua egiten eta baldintzak sortzen Javier bezalako pertsonek hemen aurki dezaten beharrezko humusa zientziarekin eta ezagutzarekin lotutako egistasmoak finkatu ahal izateko”.
Munduko “erreferentea” bioteknologian
Garcia Cogorro Columbus Venture Partners, biziaren zientzietan eta bioteknologian espezializatutako arrisku-kapitaleko funtsaren sortzailea eta bazkidea ere bada. Halaber, Columbus Fundazioaren sortzailea, patroia eta idazkaria da. Irabazi asmorik gabeko erakunde honen helburua da gaixotasun arraroak dituzten adingabeei terapia genikoak eskuragarri jartzea. Gainera, osasunaren sektore bioteknologikoan lider diren enpresa hauen aholkularia da: AskBio, Artax Biopharma, Highlight Therapeutics, Vivet Therapeutics eta Aura Bio Sciences.
2020ko urrian, Bayer multinazional alemaniarrak Viralgen erosi zuen, bere marka, kultura korporatiboa eta kudeaketa independentea mantenduz. Mugarri horrek Gipuzkoa bioteknologiako abangoardiako mundu mailako “erreferente” bihurtu duela adierazi dute ekitaldian. “Garcia Cogorrok Donostiaren alde egindako apustu erabakigarriak berebiziko garrantzia izan du hiriarentzat garrantzitsuak diren lorpenak lortzeko. Izan ere, hirian dagoeneko 6.000 profesional inguru ari dira zientzia eta ikerkuntzan lanean”, azaldu dute.