Sebas eta Lore, Antiguako erraldoi berriak, auzoan geratzeko etorri dira
Loretope konpartsa eratu zuten iaz Antiguan, auzoko jaietarako erraldoiak eta buruhandiak sortzeko egitasmoa sustatzeko. Gazte Danborradako sukaldariaren eta urketariaren erraldoiak egin nahi zituzten, eta, dirua biltzeko, kamisetak eta poltsak saltzen hasi ziren apirila inguruan.
San Sebastian eguna da gaur, eta, azkenean, Antiguakoek aukera bikaina izan dute euren erraldoiak ezagutzeko. Sukaldariari Sebas izena jarri diote, eta urketariak Lore izena du. Hemendik aurrera, bi auzotar gehiago izango dituzte. Gaur egin dute euren aurkezpen ofiziala, eta jendea oso pozik aritu da eurekin argazkiak ateratzen.