Uliako zuloak bizileku
1940ko hamarkadan, etxerik gabeko familia batzuk Ulian egindako zulo batzuetan bizi ziren, oso egoera zaurgarrian.

Gerraostea gogorra izan zen, bereziki herritar xumeentzat. Egoera horrek, bizirauteko edozer gauza egitera eraman zituen herritar asko, eta horren erakusgarri dira Ulia mendian egindako zulo batzuetan bizi ziren familiak.
El Diario Vasco egunkariko Alfredo R. Antiguedad kazetariak jaso zuen istorioa 1946ko maiatzaren 31n, eta Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak berreskuratu du berriki, Donostiando blogean. Horrela hasi zuen erreportajea Antiguedadek: “Ulia mendian miseria handiko leizeak daude. Lurrean eta harkaitzean egindako zulaketak dira, zorigaiztoko batzuek euren miseria gordetzeko ohantze bat izan dezaten”. Kazetariak azaldu zuenez, “Sagueseko auzoaren gainean” zeuden leizeak, itsasora begira, “igoera malkartsu eta arriskutsu” batean. Hiru metro koadro inguruko zuloak zirela zioen Antiguedadek, gela bakarrekoak.
Gauza batzuk ez dira aldatzen, eta orduan ere etxebizitzarekin arazo bat zegoen Donostian, kazetariak berak aitortu zuenez: “Ez dago etxerik. Ez behartsuentzat ez aberatsentzat […]. Hori guztia egia da, eta konponbide bat eskatzen du, atzeratu behar ez dena. Baina kobazulo horiek ezin dira beste 24 orduz ere existitu behar”.
Dirudienez, agintariek kasu egin zioten El Diario Vasco-ri, egunkariak zera baitzioen ekainaren 16ko Sirimiri atalean: “Uliako kobazuloak desagertzeko eskatzea ez zen ilargia eskatzea […]. Eta, bere eskaerarengatik izan ez balitz [Antiguedadena], baliteke kobazuloek han jarraitzea beste 40 urtez”.
Ordea, han bizi ziren pertsonekin zer gertatu zen ez zuten kontatu. Izan ere, haientzako “karitatea” eskatu bazuen ere, Antiguedad kezkatuago agertu zen egoera horren zaurgarrian bizi ziren pertsonek hiriari ematen zioten itxurarekin, pertsona horiek bizi zuten egoerarekin baino: “Ezinbestekotzat jotzen dugu Donostia ez bihurtzea kanpotarren miserien babesleku. […] Immigrazio triste hori guztia, Uliako kobazuloak sortu dituena, bere jatorrira bueltan eraman behar da”. Edonori lotsa eta haserrea eragin beharko liokete halako hitzek, baina gauza batzuk ez dira aldatu, eta oraindik badira halakoak defendatzen dituzten ordezkari publikoak.