Donostiako inauterien historia berreskuratu du Juan Antonio Antero Aranzamendik
'Eraldeak. Donostiako Inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak' liburua Tabakaleran aurkeztuko du.
Hiria 1813an suntsitu ondoren, inauteriak suspertu egin ziren, eta, haien bitartez, gaur egun neguko egutegian markatuta dauden jai nagusiak sortu ziren mende horretan. Juan Antonio Antero Aranzamendik horren guztiaren deskribapen osatua egin du. Liburuaren orrialdeetan, jaiak diseinatu zituzten sortzaileak, parte hartu zuten herri kolektiboak, agertokiak, programak eta bestelako elementuak agertzen dira. Irakurleek ezagutuko dute haien arbasoak nola dibertitzen ziren, baita donostiarren hainbat belaunaldirentzat gaur egun arte atsegin iturri izan diren himnoak, martxak eta koreografiak nola sortu ziren ere. Egileak partituren eta literatura piezen bolumen zabal bat berreskuratu du, eta, gainera, atal grafiko handi bat landu du.
Antero historiazalea eta musikazalea da, eta ibilbide luzea du Donostiako Inauterien historian. Kutxa Fundazioarekin argiratu du liburua, eta Dr. Camino Institutuaren Temas donostiarras bildumako 43. argitalpena da. Liburuak, elebitan argitaratuta, bertan agertzen diren partiturak entzuteko aukera eskaintzen du QR sistemaren bidez. Hortaz, Eraldeak. Donostiako Inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak irakurtzeko liburua ez ezik, entzuteko liburua ere bada; jaia ezagutzeko, baina, batez ere, jaiaz hobeto gozatzeko liburua.
Asteazkenean izango da aurkezpena, 19:00etan, Kluba aretoan, Tabakalerako lehen solairuan. Liburuaren aurkezpenean, egilearekin batera liburuko hainbat doinuren musika egokitzapenak egin dituen Joxe Mari Oiartzabal maisua egongo da. Eta eurekin batera, saxofoiz eta gitarraz osatutako hirukotea, eta liburuan argitaratutako doinu batzuk interpretatuko dituzte. Sarrera doakoa izango da.