Haurren Eskubideen Hezkuntzako Erreferente izendatu dute Axular lizeoa
Axular lizeoak Unicefek estatu mailan ematen duen Haurren Eskubideen Hezkuntzako Erreferente aitorpena jaso du. Haurren eskubideei buruzko Konbentzioa nazioarte mailan berme handiena lortu duen giza-eskubideei buruzko akordioa da, eta bi ikasturterako baliozkotasuna du errekonozimenduak. Axular lizeoarekin batera saritu dute Errenteriako Sagrado Corazon-Telleri Alde ikastetxea ere.
EAEn, guztira, sei ikastetxe dira Haurren Eskubideen Erreferente: hiru Bizkaian (Ortuellako San Felix Ikastola, Bilboko Berrio-Otxoa Ikastetxea eta Durangoko Maristak); eta bat Araban, Colegio Apostolico San Jose ikastetxea Langraiz Okan.
Unicefen arabera, haur hezkuntza eta lehen eta bigarren hezkuntzako 4.447 ikasle joaten dira haurren eta nerabeen eskubideekin konpromisoa duten eskoletara. Unicef Euskal Herriko Batzordeko presidente Isidro Elezgaraik adierazi duenez, “hezkuntzak botere eraldatzailea du. Haurren eta nerabeen eskubideekin konprometitutako ikastetxeei esker, haurrek, eskubide horiek ikasteaz gain, bizi eta gauzatu egiten dituzte”.
Unicefek berriz ere ireki du ikastetxe erreferente bihurtzeko izena emateko epea, haurren eskubideen aldeko hezkuntzaren bidean aurrerapausoak eman nahi dituzten eskolei zuzenduta. Epea datorren ekainaren 30ean amaituko da.