ETAk eraildako bi guardia zibil omenduko ditu udalak
Donostiako Udalak plaka bana jarriko du larunbatean, hilaren 28an, Juan Antonio Marcos Gonzalez eta Miguel Angel Iñigo Blanco guardia zibilen omenez. ETAk 1978an erail zituen Intxaurrondoko kuartela patruilatzen ari zirela.
Blanco Holgerakoa (Caceres, Espainia) zen, eta atentatuan bi bala jaso zituen garezurrean. Arantzazuko Andre Mariaren osasun egoitzara eraman zuten, eta sei egun geroago hil zen. Gonzalez, berriz, Llanesekoa (Asturias) zen, eta zenbait tiro jaso eta gutxira hil zen.
Ekitaldia 12:00etan izango da, Gabriel Aresti pasealekua eta Ametzagaña etorbidea elkartzen diren tokian. Plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den moduan, omenaldi xumea egingo da. Bertan, Eneko Goia alkateak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek parte hartuko dute.
Hauekin 26 izango dira udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.