Herri Ametsa ikastolako Talaia mendi martxa eta krosa egingo dituzte igandean
Herri Ametsa ikastolako Talaia mendi martxa eta krosaren VI. edizioa egingo dute igandean Ulia mendian. Hiru urte pasa dira azken aldiz antolatu zutenetik, eta, ikastolak azaldu dutenez, “datorrena ospatzeko desiratzen daude antolakuntzako eta ikastolako haurrak zein gurasoak”.
Aurrekoetan bezala, kros txikiarekin emango zaio hasiera ekitaldiari, 08:45ean. Guztira 50 haurrek hartuko dute parte. Ondoren, 9,3 kilometroko martxari ekingo diote 100 mendizalek, familia eta lagun giroan.
Hamabost kilometroko mendi kroseko 300 korrikalarien txanda 10:00etan izango da. Azken irabazleak Oihana Kortazar eta Ibai Makazaga izan ziren. Aurten, aldiz, Kortazarrez gain, Oihana Zubillaga eta Emi Ugarte saiatuko dira lehenengo postua lortzen. Gizonezkoetan, norgehiagoka handia espero dute antolatzaileek Alvaro Ramos, Beñat Katarain, Amets Aranberri, Hodei Lujanbio, Asier Rajado, Aitor Regillaga eta Hassan Ait Chaouren artean.
12:30etik aurrera, opari zozketa, sari banaketa eta hamaiketako batek elkartuko ditu korrikalari zein mendizaleak ikastolako Herri Ametsako frontoian.