Otsailaren 4an egingo dute XIII. Musikagela Weekend jaialdia
Donostia Kulturako Musikagela zerbitzuaren festa da XIII. Musikagela Weekend. Oraingoan, rock estatubatuarra izango da protagonista. Doinu horiek jorratzen dituzten hiru talde ariko dira otsailaren 4an, Intxaurrondoko kultur etxean: La Perra Blanco, Ramada Inn eta Rumbling Lips.
Andaluziako La Perra Blanco Trio banda 2017an sortu zen, eta Alba Blanco abeslaria eta gitarra jotzailea du buru. 1950eko hamarkadako musikak inspiratua, power trio hau sortu zuen rhythm and bluesa edo gospela bezalako musika beltzaren eragina zuriarenarekin uztartuz: hala nola hillbillya, rockabillya, countrya, bluegrassa eta abar. Won’t you come on lan berriarekin iritsiko dira Intxaurrondora. Blancok luxuzko bi musikari izango ditu alboan: Guillermo Gonzalez kontrabaxu jotzailea eta Jesus Lopez bateria.
Donostiako Rumbling Lips taldea Aymar Nieto eta Andoni Etxebeste musikarien rock proposamena da. Deltako blues musikaren, 60ko eta 70eko rockaren eta doinu psikodelikoen eraginak jaso dituzte. Euren soinua garratza eta gogorra da, eta abestiak, gordinak eta sutsuak. Momentu honetan, hurrengo lana osatuko duten abesti berriak grabatzen ari dira.
Oñatiko Ramada Inn hirukoa beste hainbat bandetan ibilitako musikarien osatzen dute: Juan Valls abeslaria eta gitarristak, Ander Etxaniz baxu jotzaileak, Iñigo Ugarte gitarristak eta Mikel Marco bateriak. Haien proposamenak 70eko hamarkadako rock klasikora garamatza eta The Who, Neil Young and Crazy Horse eta garaiko beste hainbat talde luze hartzen ditu erreferentziatzat. Abestiak, ordea, gaur egungo Kurt Vile & The Violators, Daniel Romano ‘s Outfit eta beste hainbat talderen ideia eta proposamenetatik oso hurbil daude.
Musikagelak hiriko musika jarduera sustatzea eta dinamizatzea du helburu. Besteak beste, entseguetarako aretoak, kontzertuak, ikastaroak eta beste eskaintzen ditu.