Anoetako tren geltoki berriko lanek 11,3 milioi euroko kostua izango dute
Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak Moyua eta Iza enpresek osatzen dute aldi baterako enpresa elkarteari (ABEE) adjudikatu dizkiote lanak.
Udaberria bukaeran hasiko dituzte Anoetako tren geltoki berriaren lanak, eta 30 hilabetetan bukatzeko epea ezarri dute. Lanen artean, gainazalean bigarren atari bat eraikitzea, nasak luzatzea eta Aita Donostia plazako bideak berrantolatzea aurreikusten dute.
Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, obra konplexua izango da. Aita Donostia plazako ibilgailuen zirkulazioaren, Anoeta estadioak hartzen dituen kirol ekitaldiekin zein bestelakoekin eta topoaren zerbitzu erregularrarekin uztartu beharko dira. Lanak koordinatzeko elkarlana adostu dute Donostiako Udalarekin, Ertzaintzarekin eta Euskotrenekin.
Estadioaren aurreko oinezkoen azalera kontserbatzea izan da ardura nagusietako bat. Horregatik, sarbide berriak azaleran duen okupazioa konpentsatu egiten da, ibilgailuen trafikoari lekua kenduz, Urumeako saihesbidea martxan jartzeak inguruan eragin duen trafikoaren murrizketa aprobetxatuz. Ondorioz, lanak Aita Donostia biribilgunea inguratzen duen bide sare osoa eraberrituz hasiko dira, erreiak murriztuz, bidegorria berrantolatuz eta oinezkoentzako lekua irabaziz. Garraio publikoa sustatzeko neurri gehigarri gisa, 17. eta 28. lineen geralekua lekuz aldatuko da, Ospitaleak Miramongo igoeran tren et autobus intermodala ahalbidetuz.
Bide berrantolaketaren ondoren, nasetarako sarbide berriko pantailak (hormak) egin aurretik, eragina jasango duten zerbitzuak desbideratu egingo dira, hau da, zorupean egon daitezkeen hornidura elektrikoen, telefonikoen edo uren hodiak. Estaldurako lauza eraiki ondoren, tunel zaharreko pantailak gauez eraitsiko dira, trenbideko zirkulazioa ez eteteko. Espazioa erabat gaituta dagoenean, nasetara sartzeko eskailera eta kristalezko edikulua eraikitzen hasi ahal izango da.
Lan horiek bukatu eta sarbide berria martxan jarri ondoren, obra eremua Anoetako geltokiko sarrera zaharrera lekualdatuko da. Sarrera hori eraitsi egingo da, eta, horren ordez, atari berriaren antzeko egitura bat jarriko da, inguruari koherentzia arkitektonikoa emateko. Aldi berean, nasen eremua luzatzeaz gain, tonu argiagoekin estali eta argiztapena hobetuko da, segurtasun eta garbitasun sentsazio handiagoa transmititzeko.