ETAk hildako Ramon Diaz omendu dute Loiolan
22 urte bete dira ETAk Ramon Diaz itsas komandantziako sukaldaria hil zuenetik, eta urteroko legez, omenaldia egin diote Loiolan, bere auzoan. Udaleko alderdi guztiak izan dira omenaldian, EH Bildu barne.
Goizean goiz egin zuten Diazen aurkako atentatua, eta horregatik, 08:00etan egin diote omenaldia, Aralar mendia kalean, Loiolatarra elkartearen ondoan, elkarte horretako bazkide baitzen Diaz.
Haren omenezko plaka bat dago hor, eta bertan egin dute omenaldia, Diazen argazki handi bat eta lore zein kandela ugari jarriz. Udaleko ordezkariez gain, kargu militar batzuk eta Loiolako hainbat bizilagun egon dira omenaldian, eta minutu bateko isilunea egin dute, ondoren txalo artean ekitaldia amaitzeko.
Salamancakoa izatez, Loiolako bizilaguna zen Diaz, eta Donostiako itsas komandantzian lan egiten zuen sukaldari gisa, baita Loiolatarra elkartean ere. Talde armatuak lehergailu bat jarri zion autoaren azpian, eta lanera abiatu zenean lehertu zen. Diazen heriotzaz gain, inguruan zeuden bost pertsona zauritu zituen eztandak.