La Sirena aterpetxea berriz itxiko dute
Donostiako Udalak jakinarazi du gaur (hilak 26) ez duela Ondarretako La Sirena aterpetxea irekiko, “protokoloa jarraituz”. Hiritarron Harrera Sareak salatu egin du erabakia. “Aurreikuspen guztiak ez datoz bat”, gogorarazi du Harrera Sareak, baina nabarmendu du “argi” dagoela “gutxienez asteburura arte egoera gordina izango dela”. Horregatik, aterpetxea irekita mantentzeko eskatu du sareak, eta, aspalditik eskatzen ari den moduan, neguko egun guztietan irekitzeko ere eskatu du.
La Sirena aterpetxean eskaintzen du udalak gaueko ate irekien zerbitzua, eta soilik hotz handiko gauetan irekitzen dute. Azken egunotan, irekita egon da, eta “gau batzuetan 100 pertsonatik gora” joan dira aterpetxera ostatu eske, sareak gogoratu duenez. Berez, La Sirenak 100 lagunentzako edukiera dauka, baina batzuk gehiago har ditzake. Horregatik, “beharra agerikoa” dela nabarmendu dute. “Non dago logika? Horrenbesteko arinkeriaz joka daiteke pertsonen osasunarekin? Gradu bat igotzen dela dioen pronostikoa bilatuta, kito, La Sirena itxi dezakegu?”, gaineratu du sareak.
Aterpetxea neguko egun guztietan irekitzeko eskaeraren harira, EH Bilduk premiazko mozioa aurkeztu du gaur egiten ari diren urtarrileko udalbatzarrean, udal gobernuari eskatuz aterpetxea irekita mantentzeko. Elkarrekin Donostiak babestu egin du mozioa, baina EAJk eta PSE-EEk ez dute onartu.
Hilaren 18tik irekita
Udalak azaldu duenez, aterpetxearen irekiera arautzen duen protokoloa jarraituz, La Sirena irekita egon da azken zortzi gauotan. Gau bakoitzean zerbitzua erabili duten pertsonen kopuruak ere jakinarazi ditu: hilaren 18ko gauean, 67 erabiltzaile; 19koan, 84; 20koan, 89; 21ekoan, 106; 22koan, 112; 23koan, 110; 24koan, 106 eta, 25ekoan, 105.
Ate irekien zerbitzua “larrialdiko zerbitzua” dela gaineratu du udalak: “Gogoan izan, zerbitzu hau Donostiako Udalak urteko 365 egunetan ematen dituen zerbitzuez gain eskaintzen duen larrialdiko zerbitzua dela, eta hotz handiko alertak daudenean aktibatzen dela. Udalak 300 pertsonari baino gehiagori ostatu ematen dio urteko 365 egunetan dituen hainbat baliabideren bidez, zein gela bat alokatzeko diru laguntzen bidez”.