Donostia eguna Altzan
Eztabaida mahai gainean dago: San Sebastian eguna edo Donostia eguna? Jatorra eta tradiziozkoa lehena, zabarra eta tradiziorik gabea bigarrena. Meme kontu bat sortu dute hainbat donostiar jatorrek, modernismo edo berrikeria honen kontra. Ezetz, ez dela Donostia eguna, San Sebastian eguna dela.
Bada, zera pentsatzen dut, negar egiten duen meme haren mamua ikusten dudala nik, eta bere marruak entzun uu, uuuu. Eta jatortasuna eta jatorkeria konfunditzeak biziki aspertzen nauela. Duela 425 urte patroi bati egiten zioten otoitz, izurriteak sendatzeko. Egun, hiriaren egun handia izanik, zergatik esanahia ez moldatu?
Aldaketaren tradizioaren aldekoa naiz ni, behintzat. Eta, tira, Urumea Egiatik pasatzen dela aprobetxatuz, Donostiaren eguna bada, igeldotarrek, zubietarrek eta altzatarrek nahi duten moduan ospatzearen aldekoa, baita ere. Nola zen Brianena? Romani ite domum?