'Evil eye' erakusketak zabalduko du Tabakalerako 2023ko denboraldia
Tabakalerak bihar emango dio hasiera 2023ko erakusketa aldiari Evil Eye: Optikaren eta balistikaren historia paraleloa erakusketaren bidez. Idazle eta kultura teorialari Ana Teixeira Pintok eta Tabakalerako programa publikoen arduradun Oier Etxeberriak komisario-lanak egin dituzte, eta erakusketa Reina Sofia (Madril) museoko jarduera publikoen zuzendari German Labradorrekin lankidetzan antolatu da.
Erakusketaren oinarria “inoiz neutrala ez den begiradari eta balistikari” buruzko azterketa bat da, eta aurrerapen teknologikoek, optikaren aurrerakada ekartzeaz gain, armamentuaren garapenean ere baduten eraginari buruzko azterketa kritikoa jorratzen du. “Optikaren historia eta balistikaren historia modu paraleloan garatu ziren eta, gaur egun, dronaren figuran, hots, hiltzeko gai den kamera batean, egiten dute bat. Dronea, telegidatutako kamera den heinean, jolaserako, aisialdirako, ekoizpen audiobisualerako eta zaintzarako erabil daiteke; baina, tamalez, eta ezkutuan, gerrarako erabiltzea geroz eta ohikoagoa da”, azaldu dute.
Proiektuan bildutako posizio artistikoen asmoa da “arrakalak” sortzea, garaikidetasuna arautzen duten logikak alderantzikatzeko eta ikuspuntu berriak sortzeko; horretarako, zenbait jatorritako artista garaikideen obrak baliatu dira: Haig Aivazian, Zach Blas, Pauline Curnier Jardin, Ho Rui An, Izaro Ieregi Gonzalez, Rajkamal Kahlon, Kiluanji Kia Henda, Kapwani Kiwanga, Prabhakar Pachpute, Miranda Pennell, Natascha Sadr Haghighian eta Azucena Vieites.
Jardueren programa
Evil Eye. Optikaren eta balistikaren historia paraleloa erakusketarekin hainbat jarduera egingo dira ekainera arte. Izaro Ieregi Gonzalezen Conjugate one to each other performance lana hiru kapitulutan eskainiko da, hiru egun desberdinetan eta Tabakalerako hiru eremu desberdinetan. Lehenengo zatia gaur egongo da ikusgai, eta hurrengo biak martxoaren 23an eta ekainaren 2an aurkeztuko dira, hurrenez hurren.
Evil Eye zine-zikloaren testuinguruan hilero emanaldi bat eskainiko da, erakusketan dauden tesiak osatzeko. Lehenengo saioa otsailaren 4an egingo da; bertan, Mikel Otxoteko artistak Harun Farockiren Images of World and the Inscription of War lana aurkeztuko du.
Arte-makina izeneko arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroan, azkenik, Mikel Alberdi, Kimia Kamvari, Martin Etxauri eta Leire Vergara izango dira. Gainera, ohiko bisita solasaldiak eta familientzako arte lantegiak ere eskainiko dira.