"Kaldereroetan euskara bultzatu eta generoa markatzeari utzi genion"
Jubilazioan esku artean kontu asko dituzten arren, honako elkarrizketa hau egiteko irrikaz topatu ditugu Dani Goñi Irazusta eta Nere Ugarte Organbide, Zurriola ikastolako irakasle ohiak. Groseko auzotarrak dira eta hezkidetza eta euskalgintzan azken hamarkadetan auzoan izan diren hainbat egitasmoren oroitzapenak ekarri ditugu lerrootara. Esaterako, Zurriola ikastolan kaldereroak euskaraz kantatzeko erabakia hartu zutenekoa, edota genero-rolen azterketari buelta bat ematea beharrezkoa zela iruditu zitzaienekoa. Testuinguru honetan garai bateko kontuez jarri ditugu hizketan.
Testua: Eiger Rezabal Salazar eta Haizea Uriarte Orbea, Zurriola ikastolako DBH 3ko ikasleak.
Noiz hasi zen Zurriola ikastola kaldereroetan ateratzen?
Dani Goñi Irazusta (D.G.I.): Ni ikastolara sartzean, 80-81ean, ikastola jadanik atera egiten zen. Oker ez banago, ateratzen ziren bakarrak Ikasbide, Aitor eta Zurriola ikastolak ziren.
Nolakoak ziren kaldereroak hasieran?
D.G.I.: Hasieran irakasle eta ikasleak ez ginen 200 izatera iristen, eta, orduan, txaranga batekin ateratzen ginen ez zegoelako elektronikarik. Kaldereroz jantzi eta zartagiekin ateratzen ginen guztiok. Abestiak, noski, erderaz kantatzen ziren.
Noiz, nola eta zergatik itzuli zenituzten ikastolako kaldereroak euskarara?
D.G.I.: Hurrengo urtean ere, dena gaztelaniaz abestu genuen eta ez zitzaidan logikoa iruditzen ikastola batean euskera sustatzen ibili eta 3 urteko umeekin erdaraz abestea. Hori aldatu beharra zegoela pentsatu genuen. Patxi Apalategi ikastolako guraso eta itzultzailea ezagutzen genuen, hari komentatu genion, eta kantak itzuli zituen. 83tik aurrera, ikastolan abestiak euskaraz kantatzen hasi ginen eta inguruko ikastolei letrak eman genizkien.
Noiz pentsatu zenuten hau grabatu egin behar zela?
D.G.I.: Groseko helduen kaldereroak euskaraz ere kantatzen hasi ziren eta hau ikusita, grabatu beharra zegoela pentsatu genuen, euskarazko bertsioak ezagutzera emateko. Orduan, ikastolatik Elkarrera joan nintzen nire proiektua erakustera, disko bat grabatu nahi genuela esatera.
Nolakoa izan zen diskoa grabatzeko prozesua?
D.G.I.: Elkarrekoek grabazioa bakarrik finantzatuko zutela esan ziguten. Orduan, guk abeslariak, txaranga eta instrumentuak lortu genituen doan. Horrela konturatu ginen guk uste genuena baino jende gehiagok nahi zuela kaldereroetako abestiak euskarara pasa. Juan Antonio Antero Groseko kaldereroetako zuzendariaren gidaritzapean egin genuen 1988an.
Nola bururatu zitzaizuen kaldereroetan dantzak txertatzea?
Nere Ugarte Organbide (N.U.O.): Pentsatu genuen kaldereroak ekialdetik etorrita, doinu asko jasoak izango zituztela eta horiek ezagutaraztea aproposa izan zitekeela. Horrela, ikasleak motibatu genituen eta ikusgarritasuna eman genion ekitaldiari.
Noiz ikusi zenuten generoa ez markatzeko beharra?
N.U.O.: Gizartean aldaketa ikuspegi bat izan zen, eta horretaz ohartuta, nire musikako klaseetan generoa markatzeari utzi egin nion letra eta zenbakiak erabiliz.
Beste aldaketarik izan zen?
N.U.O.: Bai, hiru arlotan izan ziren aldaketak. Jantzietan nahasketak egitea proposatu genuen, prakak eta gona edo txapelak eta koilareak… Instrumentazioan ere egon zen aldaketa, ikasleak panderoa edo zartagina gogoaren arabera aukeratu behar zuen. Koreografietan, aldiz, rolak bereizteko 1 eta 2 zenbakiak erabili genituen, baita zapiak eta txintxarriak ere.
Uste duzue beste aldaketa batzuk egin behar direla?
D.G.I.: Bueno, uste dugu oso ondo pentsatu behar dela erabaki hau. Baina, aldaketaren bat egotekotan, batetik, abestien letretan egin beharko litzateke genero ikuspegia egoki islatzeko, eta bestetik, beharko genuke grabaketa berri bat ikasleentzat egokia den tonalitatean egina eskoletan edo kalean erabiltzeko.