Mandoak eta zaldiak tranbiak zirenekoa
Odol motoreak deitzen zitzaien garai batean zaldiek tiratuz funtzionatzen zuten tranbiei. Donostiak ere izan zuen berea. Herritarrak eta merkantziak garraiatzeko erabiltzen zuten, eta hasieran soilik hemen aritzen bazen ere, Pasai Antxoraino iristen hasi zen gero.
Hiritar Merezimenduaren Domina jaso berri duten Lola Horcajo eta Juan Jose Fernandez historialariek Odolaren tranbiaren sorrera jaso dute San Sebastian. Album del siglo XIX liburuan.
Horcajoren eta Fernandezen arabera, 1886 inguruan Donostia hazten ari zenez, hirian tranbia zerbitzu bat jartzea “irrika” bat zen, bai enpresak Pasaiako merkataritza portutik urrun zituzten industrialarientzat eta bai erdigunetik urrun bizi ziren auzotarrentzat.
Donostiako Tranbia Konpainia 1886an sortu zen, garaiko enpresariek (Brunet, Calisalvo eta Osácar, besteak beste) emandako 1.250.000 pezetako kapitalarekin. Urtebete geroago, 1887ko uztailaren 18an, tranbiaren lehenengo linea inauguratu zuten. Zalditegi batzuek tiratuta funtzionatzen zuen, Bulebarraren, Kontxaren eta Ategorrietako kotxetegien artean.
Zerbitzuak, hasieran, zortzi gurdi itxi, sei gurdi ireki eta hamabi bagoneta zituen, 21 mandok eta hamabi zaldik tiratzen zituztenak.
Inaugurazio bidaia Pasaiara
Tranbia ofizialki inauguratu eta handik urtebetera, 1888an, Herrerako tunela ireki zutenean, tranbia zerbitzua Pasai Antxoraino luzatu zuten. Lehen aipaturiko liburuaren arabera, bertan, itsasontzi zerbitzu bat zegoen, eta jendeak bi zerbitzuak uztartzen zituen.
Goian, Pasaiara egindako inaugurazio bidaian ateratako argazki bat ikus dezakezue. Zehazki, 1888ko uztailaren 25ean izan zen, eta Gizarte kontseiluko kideak eta beste hainbat pertsona gonbidatu zituzten bidaia hartara. Aurrean eserita, kapela eta bibote zuriarekin, Ramon Brunet Prat ageri da, konpainiaren presidentea. Presidenteordea Jose Brunet zen, eta berak egin zuen argazkia.