La Sirena aterpetxea neguan gauero zabaltzeko eskatu dute, "jendearen osasuna kolokan jartzeari uzteko"
Hiritarron Harrera Sareak deituta, hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxearen aurrean, La Sirena aterpetxea neguko gau guztietan zabaltzeko eskatzeko. Gaur egun, Euskalmetek izotza iragartzen duen gauetan soilik irekitzen dute aterpetxea, etxerik ez duten pertsonek bertan lo egin dezaten.
Hala ere, Hiritarron Harrera Sareak denbora asko darama aterpetxea neguko gau guztietan zabaltzeko eskatzen. “Ezin dugu gerra batean sartu tenperatura zenbat igo eta jaisten den eztabaidatzeko. Datozen egunetan La Sirena zabalik egon denean baino hotz handiagoa egingo duela iragarri dute, eta ezin da ukatu sekulako hotza egiten duela”, adierazi zuten atzoko elkarretaratzean.
Era berean, donostiarren ongizatea bermatu behar dutenek ez dutela beharrezko laguntza eskaintzen salatu zuten. “Udal arduradunek ez dute inoiz eztabaida egin nahi izan. Udalak jada jartzen dituen baliabideei buruzko diskurtsoa hedabideetan zabaltzera mugatzen dira. Baina, zer gertatzen da kanpoan geratzen diren ehunka pertsonekin? Ez dago inoiz horretarako erantzunik”, nabarmendu zuten.
Erantzunik jaso ezean, “erantzunak bilatzen” saiatzen dela azaldu zuen Harrera Sareak. Beraien ustez, erantzuna Donostiarekiko “begirada elitistaren” atzean dago, besteak beste. “Hiriaren postal irudia zabaldu nahi da, eta noski, hotzez hiltzeko edozein txoko aurkitu behar duten horiek postaleko irudi hori zapuzten dute”, salatu zuten. Halaber, “seguru eta eroso” bizi direnen eta “egoera zailean” bizi direnen arteko distantzia nabarmendu zuten: “Distantzia horiek ezin dira ulertu agintariek gizarte ongizaterako konpromisoa hartu dutenean”.
Horregatik guztiagatik, La Sirena gauero zabaldu behar dela aldarrikatu zuten, jendearen osasuna kolokan jartzeari uzteko.