55 urte Jose Maria Quesada zendu zenetik
Frankismoaren errepresioaren ondorioz hildako lehenengo ETAko kidea izan zen.
Atzo, urtarrilaren 29an, 55 urte bete ziren Jose Maria Quesada Lasarte antifrankista donostiarra (1934-1968) zendu zenetik. Meliton Manzanas polizia torturatzaile frankistaren agindupean pairatutako tortura bortitzen ondorioz hil zen, eta frankismoaren errepresioaren ondorioz hildako lehenengo etakidetzat hartzen da. Iñaki Egaña historialariak 2018an kontatu zuen Quesadaren istorioa, Naiz hedabidean.
Parte Zaharreko Fermin Kalbeton kalean jaioa, Antiguan pasatu zuen gaztaroa, eta auzo horretan hasi zuen bere ibilbide politikoa. Teresa Lasarte Imaz ondarroarra zen bere ama, eta Eugenio Quesada Urkia asturiarra aita, 36ko gerran eroritakoa, bando errepublikanoaren alde borrokan.
1950eko hamarkadan, gazte mugimendu indartsua zegoen Antiguan, eta bertan zebilen Quesada, bere lagunekin. Izan ere, ETAren sorreran eta lehenengo urteetan militatzen aritu ziren kideetako hainbat Antiguakoak ziren: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Albisu anaiak (Rafa eta Jose Antonio), Pontxo Iriarte, Iñaki Balerdi, Valentin Angiozar, Eduardo Ferran eta Quesada bera, 1961eko polizia txosten baten arabera, Eusko Gaztediko buruetako bat zena, soilik Txillardegiren azpitik zegoena organigraman. Horrela, 1958an atxilotu zuten estreinakoz, eta hainbat egun pasatu zituen Meliton Manzanasek zuzentzen zuen komisarian eta Martuteneko espetxean. 1962ko erdialdera arte, sei bat aldiz atxilotu zuten.
1961eko sarekada handi batek asko ahuldu zuen ETA, eta erakundeko zuzendaritza berriak, ordurako Ipar Euskal Herrian ezarrita zegoenak, Quesadari eman zion Nafarroan etakideen taldeak antolatzeko ardura. Horretan ibili zen, 1962ko abuztuan anarkista talde bat –ETAren laguntzarekin– Franco hiltzen saiatu zen arte, Aieteko jauregian uda pasatzen zuen bitartean. Magnizidio saiakerak huts egin zuen, eta errepresioa latza izan zen, hamarnaka atxiloketarekin, torturekin, eta abarrekin.
Tartean, Quesada atxilotu zuten, eta Egañak erreportajean kontatu zuenez, komisarian “borrekin eta makilekin” kolpe ugari eman zizkioten buruan, “konortea galdu zuen arte”. “Inork ez daki ziur zenbat denbora eman zuen Quesadak Donostiako polizia etxean. Beste lagun batzuek itxura tamalgarriarekin ikusi zuten Madrilgo Puerta del Soleko ziegetan. Carabanchelgo espetxera iritsi zenean, gainerako presoak larritu egin ziren. Eduardo Ferranek gogoratzen du burua kolpez beteta zuela eta belaunetako errotulak agerian zituela. Ezin zuen ibili eta prakak hanketan itsatsita zeuzkan”, gehitu zuen Egañak erreportajean.
1963an atera zen espetxetik, torturetatik eratorritako osasun arazo handiekin; buruko min handiak izaten zituen. Hiru ebakuntza egin zizkioten hurrengo urteetan osasun arazo horien harira. 1967aren erdialdean, memoria galerak eta min jasanezinak izaten hasi zen, eta azaroan Donostia Ospitalean ingresatu zuten. 1968ko urtarrilaren 29an hil zen, eta ospitaleko zuzendariak honakoa esan zien senideei: “Ezin dizuet esan bere heriotzaren jatorria, baina imajinatzen duzue”.