Aldundiaren zaintzapean zegoen 3 urteko haur bat bahitu dute Donostian
Gipuzkoako Foru Aldundiren tutoretzapean zegoen hiru urteko haur bat bahitu dute igande honetan. Itxuraz, haurraren ama izan da bahitzailea, haurra Donostian heldu baten zaintzapean paseatzen ari zela aprobetxatuta.
Aldundiak EFEri jakinarazi dionez, ez dakite haurra non dagoen, eta Ertzaintza bere bila ari da igandetik.
Salaketa jarri zuen aldundiak albistea izan eta berehala, eta elkarlanean ari dira haurra bilatzeko, “babesgabetasun egoeran” dauden adingabekoak zaintzea bere ardura dela ziurtatuz.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du ikerketa eginbide batzuk ireki direla kasu honi buruz, gertatutakoa argitzeko eta adingabea aurkitzeko. Horretarako, hainbat “kudeaketa” eta “ikerketa” hasi dira, eta, besteak beste, garraiobideetan oinarritzen dira.