Guardetxearen kudeaketa lehiaketa publikora ateratzeko asmoa dauka udalak
Eraikinak hiru urte daramatza hutsik, eta Parte Zaharreko gazte asanbladak gaztetxea jarri nahi du han.
Urgulleko Guardetxeko kudeaketa lehiaketa publikora aterako du udalak etorkizunean, baina ez du Parte Zaharreko eragileentzat erreserbatuko. Hala azaldu zuen osteguneko udalbatzarrean Ane Oiarbide Berdintasuneko, Elkartasuneko, Eskubide Zibiletako zinegotziak, EH Bilduk aurkeztutako mozio bati erantzunez.
Koalizio abertzaleak mozioan eskatu zuen udala Parte Zaharreko eragileekin harremanetan jar zedila, auzoan hainbat eragile baitaude eraikinari erabilera emateko interesa dutenak. Ordea, eskaerak ez zuen babesik jaso. Hain zuzen ere, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) Guardetxea okupatu zuen iazko abenduan, bertan gaztetxea irekitzeko. Aldiz, okupatu eta gutxira, gunea itxi zuen Udaltzaingoak. Horregatik, AZGA-k manifestaziora deitu du hilaren 11rako; 17:00etan abiatuko dira, Trinitate plazatik.
Eraikina Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren parte da, eta EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek mozioan gogorarazi zuen Banda Bat elkarteak kudeatu zuela 2009tik 2019ra, eta kultur jarduera ugari antolatu zituela denbora tarte horretan. Ordea, salatu zuen hiru urte daramatzala erabilerarik izan gabe, eta udalak ez dituela eraikina birgaitzeko egin beharreko lanak egin oraindik. Halaber, mozioan eskatu zuten eraikinean egin beharreko birgaitze lanak egiteko beharrezko baimenak premiaz kudeatzeko.
Oiarbidek aitortu egin zuen denbora gehiegi pasatu dela eraikina erabilerarik gabe dagoenetik. Gaineratu zuen oraindik birgaitze proiektua eskatu behar dela eta aldundiak baimendu egin behar duela, ondareari buruzko eskumena erakunde horrek daukalako. Halaber, azaldu zuen udal aurrekontuetan 50.000 euro aurreikusi dituztela aurten proiektua abiatzeko.