Hogei eguneko greba hasi dute Donostiako Onkologikoko garbitzaileek
ELA sindikatuak deituta, hogei eguneko greba hasi dute gaur Donostiako Onkologikoko garbitzaileek. Ilunion enpresako hogei langile azpikontratatuek, gehienak emakumeak, “egoera ezegonkorrari” irtenbidea eman nahi diote protestaren bidez.
Sindikatuaren arabera, Onkologikoan lanaldi osoan kontratatutako garbitzaileek 20.000 euro inguru kobratzen dute urtean, “Gipuzkoako kale-garbiketako langileek baino % 25 gutxiago”. “Antzeko lana egiten duten sektore maskulinizatuetan urtean 5.000 euro gehiago kobratzen dituztela esan nahi du horrek, sistema kapitalista patriarkalak ez dielako balio ekonomiko bera ematen sektore feminizatuei eta maskulinizatuei”, salatu dute.
Horren ondorioz, Onkologikoko garbitzaileek hitzarmen bat negoziatzea erabaki dute. Ilunion enpresak, ordea, “hiru aldiz baztertu du ELAren bilera-proposamena”.
Langileek elkarretaratzea egingo dute gaur 11:00etan Onkologikoaren aurrean.