Ikerketa bat abiatu dute erraustegiko isuriak ingurumenaren aurkako delitu diren argitzeko
GuraSOS elkarteak aditzera eman duenez, Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak aurretiazko eginbideak ireki ditu, Zubietako erraustegian gertatutako isuriak ingurumenaren aurkako delitu diren argitzeko asmoz. Ingurumen Fiskaltzak hala eskatuta abiatu dute ikerketa. Izan ere, elkarteak salatu du “pertsonen osasunerako eta ekosistemaren orekarako” arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsatzaileak daude, eta erraustegiaren jarduna da substantzia horien jatorria. Honekin, hiru dira dagoeneko erraustegiarekin lotuta epaitegietan irekita dauden eginbideak.
Iazko uztailean Arkaitzerrekan gertatutako isuriaren ondoren, GuraSOSek salatu zuen erraustegiaren ondoko uretan (lur azpikoetan zein azalekoetan) kutsadura “biziki larria” zegoela, eta gauza bera gertatzen zela inguruko lurrekin ere. Kutsadura hori “metal astunek, dioxinek, furanoek eta fenolek, besteak beste, eragindakoa” zela salatu zuen elkarteak. GuraSOSen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak “duela bi urtetik kutsadura horren jakitun” ziren, baina, hala ere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) “behin eta berriz ukatu izan du egoera”.
Arkaitzerrekako isuriaren ostean, iazko irailean, GuraSOSek agiri gehiago eraman zituen epaitegira, besteak beste, Idom ingenieritzak 2021ko azaroan egindako txostenak. Era berean, Usurbilgo Udaltzaingoak errekastoan jasotako arrastoen azterketaren emaitzak eraman zituen.
GuraSOSen arabera, epaitegia ikertzen ari den Fiskaltzaren txostenean adierazten da GHK-ren aldetik badirela uren kalitatearen inguruko kontrol eza adierazten duten zantzuak, nahiz eta arriskua ezagutu, eta ez zela haien azterketa sakonik egin.