Irati Alcantarillak irabazi du 10. Mikel Laboa sariketa
X. Mikel Laboa bertso sariketa egin zuten atzo Donostiako Kafe antzokian, 17:00etan. Dokak eta Antiguako jai batzordeak antolatu zuten saioa, eta haien arabera, denera, 50-60 bat ikusle joan ziren emanaldia bertatik-bertara jarraitzeko eta giro berotzen joan zen arratsaldeak aurrera egin ahala, bertsolarien eginahalarekin.
Sei bertsolari igo ziren oholtzara: Irati Alcantarilla (Urruña), Haizea Arana (Eskoriatza), Irantzu Idoate (Hazparne), Andoni Rekondo (Hernani), Josu Txoperena (Lesaka) eta Ekhiñe Zapiain (Bera), eta gai-jartzaile lanetan, berriz, Altzako Unai Elizasu . Zortziko handian aritu ziren aurrena, eta, ondoren, zortziko eta hamarreko txikian.
Gero, ganbarako lana hasi zuten bertsolariek: bertan bina punturi erantzun eta hitzari (aspertua) bertso bana kantatu zuten.
Puntuazio onena lortu zuten bi bertsolariak Ekhiñe Zapiain eta Irati Alcantarilla izan ziren, eta hauek buruz-buru aritu ziren. Lehenengo sei puntuko motzean, gerora puntuka sei bertso osatu arte eta azkenik, gaia emanda bi bertso osatu zituzten doinu eta neurri librean. Behin ariketak amaituta, Irati Alcantarilla izan zen puntu gehien lortu zituena, eta, beraz, X. Mikel Laboa sariketaren irabazlea.
Bigarren postuan geratu zen Ekhiñe Zapiain; hirugarren postuan, Andoni Rekondo; laugarren, Haizea Arana; bosgarren, Josu Txoperena; eta, seigarren, Irantzu Idoate.