AHTaren aurkako ekintza egin du Mugitu mugimenduak
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako Mugitu mugimenduak desobedientzia ekintza bat egin du bart, Donostian eraikitzen ari diren geltokian. AHTaren aurkako mugimenduak 30 urte bete ditu, eta horren bueltan egin dute ekintza. Zehazki, AHT ez. No TAV dioen pintaketa egin dute geltokian.
Gogorarazi dute 2016an hirugarren bidea eraikitzen hasi zirenetik “aldiriko tren zerbitzuetan aldaketak nabarmenak” izan direla: “Donostiako AHTaren geltokia egiteko egin beharreko obrak, herritarrengan izugarrizko eragina izan du eta herria izan da guzti hau pairatu duena. Gogoratzekoa da, 2022ko azaroaren 28an gertatutakoa; 11.000 pertsonatik gora zerbitzurik gabe geratu ziren. Eta nor egin zen horren erantzule? Nori kentzen dizkiete zerbitzuak? Nori emateko? Nor itxi zein irekitzeko?”.
Gaineratu dutenez, AHTa Donostiako hiri ereduarekin bat egitera dator: “Zenbaezinak dira Donostialdean azken urteotan eman diren aldaketak; eta horrek dakarren bizitzaren garestitzea eta energiaren gastu itzela. Turistentzako hotelak, alokairuaren prezioaren gorakada, periferiaren kanporatzea, Tabakaleraren moduko proiektu kultural-ekonomikoa, azpiegitura honen eraikuntzan isurtzen den CO2 kantitate guztia, natur baliabideen suntsiketa… hori da gaur egungo Donostia, eta hori indartzera dator AHTa”.
Halaber, azpiegitura horretan gastatzen ari diren diru kantitate handia kritikatu dute: “Oraingoz, osotara, Hego Euskal Herrian, 12.000 milioi eurokoa da (eta gora doa). Soilik geltoki honek 80 milioi euroko aurrekontua du, Astigarraga-Lezo pasabideak beste 500 milioikoa eta Donostia eta Irun artekoak 185 milioikoa. Jakinak dira honen atzean dauden interes politikoak eta ekonomikoak hain handiak direla. Zer gertatuko litzaieke ustel hauei proiektua atzera botako balute? Eta herritarroi, proiektua geratu eta diru guzti hau gastu sozialetara bideratuko balitz?”.
Horregatik, “makro proiektu txikitzaile” horren aurka “auto antolatzera, borrokatzera eta ekintza zuzenak egitera” deitu dituzte herritarrak.