Establezimenduetako errotuluak euskaratzeko diru laguntzak emango ditu Euskara Zerbitzuak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko establezimenduen barruko zein kanpoko errotulazioa euskalduntzeko diru laguntzak emango ditu. Horretarako, 10.000 euro bideratuko ditu aurten, eta diru laguntza eskaerak dirua agortu arte onartuko dira.
Udaleko Euskara Zerbitzuak “lehentasunezkotzat” jotzen du establezimenduen hizkuntza paisaia euskalduntzea. “Hiriko establezimenduen hizkuntza paisaiaren euskalduntzean pausoak ematea beharrezkoa da, eta neurri horrek arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera sustatzen lagunduko du”, nabarmendu du udalak.
Diru laguntza horiek eskatzeko, www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari eta www.donostia.eus webguneetan eskuragarri dago eskaera orria, eta baita Euskara Zerbitzuan ere (Konstituzio plaza, 2 behea).