Kaldereroek eta inude eta artzainek Donostia girotuko dute asteburuan
Donostiako neguko jaiak aurrera doaz, eta hemen dira dagoeneko kaldereroak, inude eta artzainak eta Santa Ageda bezpera; aurten bai, normaltasun osoz. Hain zuzen ere, kaldereroen eta inude eta artzainen aurkezpena egin dute astearte goizean udaletxean, eta bertan izan dira Jon Insausti Jaietako zinegotzia, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionaleko ordezkariak eta Kresala elkarteko inude eta artzainen ordezkariak. Parte Zaharretik aterako dira bi talde horiek, baina hiriko beste hainbat auzotan ere aterako dira, guztiak udaleko Festak erakundeak koordinatuta.
Insaustik nabarmendu du neguko jaiek garrantzia handia izan dutela historikoki Donostian: “Hau dibertimendua da, festa da, eta ondo pasatzea da helburua. Horrela ere, gogoratu behar da festa hauek gure hiriaren ondarearen parte direla, XIX. mendetik datozelako”. Izan ere, kaldereroen lehenengo konpartsak 1884an desfilatu zuen, otsailaren 2an, Kandelariaren egunean, Union Artesana eta La Fraternal elkarteek antolatutako inauterien barruan. Hain zuzen ere, zinegotziak “eskerrak” eman dizkie parte hartzaileei, “tradizioa mantentzeagatik eta berritzeagatik”.
Ildo beretik jo du Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionaleko Aitzpea Leizaolak: “Oso geurea sentitzen dugun festa bat da, eta oso harro gaude aukera dugulako hain tradizio handiko festa hau biziberritzeko”. Ibilbide eta ordutegi tradizionalak berreskuratu ditu aurten konpartsak, eta horrekin “pozik” agertu da. Larunbatean, otsailaren 4an, aterako dira kaldereroak hiriko kaleetara, eta aurten egun berean da Santa Ageda bezpera, beraz, Leizaolaren hitzetan, “Donostian musikaz beteko da larunbatean”. Ordea, Santa Ageda bezperako koplak abestera ateratzen diren taldeak euren kabuz ateratzen dira, ez ditu Festak sailak koordinatzen; horregatik, ez dute horien berri eman.
Beñat Gaztelumendi, erregina
Aurtengo berritasun nagusia erreginaren izendapena da: Beñat Gaztelumendi bertsolaria (Añorga, 1987) izango da, eta Nerea Elustondo (Legazpi, Gipuzkoa, 1981) eta Asier Ibarguren (Amara Berri, 1999) izango dira damak. Horren harira, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren aurtengo txapa Unai Gaztelumendi marrazkilari eta bertsolariak diseinatu du, Beñaten anaiak; hain zuzen ere, anaiaren aurpegiaren marrazki bat egin du txaparako, erreginaz jantzita.
Konpartsa tradizionala 21:45ean aterako da Fermin Kalbeton kaletik, eta hemeretzi tributako 410 lagunek (%60 emakumeak) desfilatuko dute Parte Zaharreko kaleetatik. Konpartsa tribu hauek osatzen dute: Aitzarte, Akelarre, Antiguotarra, Ardatza, Arrano, Artesana, Artikutza, Bare-Bare, Esperanza, Euskal Billera, Gaztelubide, Herria, Kasilda, Kresala, Tenis, Suharri, Ur, Urgull eta Zarauztarra. Besteak beste, Raimundo Sarriegiren doinuak eta Victoriano Iraolaren Begi urdin bat interpretatuko dituzte, 01:00ak arte. Kanpalekua 22:00etan ezarriko dute, Plaza Berrian, eta hor hartuko du hitza Beñat Gaztelumendi erreginak.
Gainontzeko konpartsak
Konpartsa gehienek otsailaren 4an desfilatuko dute, baina batzuk ostiralean aterako dira, 3an: Aldapeta Maria ikastetxeko kaldereroak 14:45ean aterako dira ikastetxetik, Zurriola ikastolakoak 15:00etan ikastetxetik, Ikasbidekoak 15:15etik 16:15era ibiliko dira Bartzelona hiribidetik eta Aranzazu ikastetxekoak 15:15ean abiatuko dira ikastetxetik.
Larunbatean, konpartsa tradizionalaz gain, Parte Zaharrean konpartsa gehiago ibiliko dira, eta Txominen, Amara Berrin, Egian, Herreran, Grosen eta Amaran ere entzungo dira zartagin hotsak. Hain justu, Kai Harripekoak 17:00etan aterako dira Trinitate plazatik, Txomin konpartsakoak 17:30ean Aintzieta 11tik, Amarakaldekekoak 17:30ean Armerias plazatik, Egiako Arrano elkartekoak 17:30ean Plaza Haunditik, Herrera Kirol Elkartekoak 18:00etan San Luis plazatik, Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsa 18:00etan Jose Miguel Barandiaran kaletik eta Parte Zaharreko Kaldereroen Konpartsa Primitiboa 22:00etan Trinitate plazatik.
Bestalde, hurrengo asteburuan ere aterako dira konpartsa batzuk. Antiguako Jakintza ikastolakoak 10ean aterako dira, 15:30ean, Mikel Laboa plazaren ondoko frontoitik. Hurrengo egunean, 11n, Loiolatarra elkartekoak aterako dira, 18:00etan, elkartetik bertatik. Eta, Antiguakoak 20:30ean aterako dira, Bentaberriko kiroldegitik. Konpartsa guztien ibilbide zehatzak hemen kontsultatu ditzakezue.
Inude eta artzainak
Asteburu honetan izango dira, baita ere, inude eta artzainak. Hain zuzen ere, Kresala elkartekoak igandean aterako dira, otsailaren 5ean, 12:00etan. Elkarteko ordezkari Joxe Muruak azaldu duenez, “jendea gogoz” zegoen, parte hartzaile ugari izango baitira aurten: 200 bat lagunek hartuko dute parte, 100 gizonek eta 100 emakumek. Inude eta artzainen 30 bikotek, 60 bat danborrarik eta garaiko pertsonaiak gorpuztuko dituztenek hartuko dute parte. Joselontxos txaranga izango dute lagun, eta udaleko txistulariek ere hainbat pieza joko dituzte Plaza Berrian. Halaber, Muruak gogorarazi du aurten kaldereroek eta Santa Ageda bezperak bat egiten dutela, eta Kresalakoak 18:00etan aterako direla elkartetik, larunbatean.
Kresalakoez gain, Groseko inude eta artzainak, Ikasbide Ikastolakoak eta Antiguakoak ere aterako dira. Grosekoak eta Ikasbidekoak igandean bertan aterako dira, 11:15ean eta 11:30ean, hurrenez hurren. Grosekoak Txofre kaletik aterako dira, eta Ikasbidekoak ikastetxetik bertatik. Antiguakoei dagokienez, otsailaren 18an aterako dira, 11:30ean, Alfontso XIII.aren plazatik. Talde guztien ibilbide zehatzak hemen kontsultatu ditzakezue.