Langile bat hil da Prim kaleko etxe baten patiora erorita
32 urtekoa da zendu den pertsona, eta Ertzaintza gertaturikoa ikertzen ari da.
Gaur eguerdian ezbeharra gertatu da Prim kaleko obra batean. 32 urteko langile bat etxebizitza baten patiora erori da zazpigarren solairutik, eta bertan hil da. Gertaturikoa ikertzen ari da Ertzaintza.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, hildakoa Ficatel Telecomunicaciones enpresako langilea zen. “Cotronic enpresaren azpikontrata bat da, eta hau ere Telefonicarena da”, azaldu du sindikatuak. Zuntz optikoa instalatzen ari zen ezbeharra gertatu denean. “Oso lan baldintzak kaxkarrak dituzte, oso soldata baxuekin eta askotan autonomo faltsuak izaten dira, beraz, prebentzio eta segurtasunezko neurriak ez dira betetzen”, salatu du LABek. “Gaurko heriotza azpikontratazio masiboko politika kriminal baten ondorioa da, Telefonica bezalako enpresek etekin izugarriak metatzen dituzte, langileen erabateko prekarietatearen kontura”.