Pasealeku Berriko horma kaltetua konpontzeko lanak adjudikatu dituzte
Donostiako Udalak bi lehiaketa publiko behar izan ditu Pasealeku Berriko horma egonkortzeko lanak adjudikatzeko. Aurreneko deialdian udalak ez zuen eskaintzarik jaso, baina bigarrenean, bai. Azkenik, Miramar Guintados enpresak egingo du obra. Aurrekontua 726.000 eurokoa da, eta hogei asteko epea ezarri dute lanak bukatzeko. Eneko Goia alkateak aurreratu du obrarekin hasten direnean Pasealeku Berriko zati bat itxita geratuko dela. Beraz, ezin izango da handik pasatu.
Obra bi ataletan banatu dute. Batetik, horma egonkortu dute kable bidezko ainguraketa iraunkor baten bidez. Bestetik, buloiez ainguratutako sare indartu bat jarriko dute, Pasealeku berrira harri zati txikiak eror ez daitezen.Horrez gain, kalte nabarmenak dituzten bi kontrahorma konpontzea aurreikusten dute, baita harri zati handien ainguraketa puntuala ere.