Donostian bahitutako adingabea eta bi heldu bilatzeko nazioarteko agindua eman dute
Joan den igandean Donostian bahitu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko adingabea ikertzeko eta bilatzeko nazioarteko agindua eman dute agintariek. Haurrarekin batera bi heldu ere ari dira bilatzen, antza denez haren ama eta amaren bikotekidea, Efek jakinarazi duenez. Haurrak hiru urte ditu, eta magrebtarra da.
Nazioarteko aginduaren bidez, gertuko garraiobideei buruzko ikerketak egiteaz gain, ikerketaren esparruan Schengen protokoloak aktibatu dira Europako erakundeen aurrean, eta Europol-i gertatutakoa jakinarazi zaio.
Adingabea Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean zegoen haren babesgabetasun-egoera aitortu ondoren. Igande arratsaldean bahitu zuten, Donostiako kale batean heldu batekin zegoela.