Hainbat belaunalditako emakumezko zinemagileen lana aztertu dute
Euskadiko Filmategiak 'Euskal emakume zinemagileak' liburua aurkeztu du. Maria Pilar Rodriguezek, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, koordinatu du lana, eta haren helburua da euskal zinemaren berri ematea, emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obretatik abiaturik.
Euskal zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeen lanen inguruko saiakerak bildu dituzte argitalpenean. Emakumezko zinemagile aitzindariengandik hasi eta oraintsuenenganaino. Liburuan hainbat adituk parte hartu dute: Casilda de Miguelek, Iratxe Fresnedak, Carlos Roldan Larretak, Iñaki Lazkanok, Izaskun Arandiak edo Luisa Etxenikek, besteak beste.
Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak, Generoak, formatuak eta moldaketak, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera eta Hiru emakume zinemagile. Lehenengoak, Ikuspegi globalak, euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoa lantzen du hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazioa edo haien filmen aniztasun estetikoa eta formala. Bigarrenak, Generoak, formatuak eta moldaketak, euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertzen du eta, baita ere, Kimuak programak egindako lana; aldi berean, produkzio transnazionalak eta literatura obren egokitzapen zinematografikoak ere esploratzen ditu. Hirugarrenean, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera, elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak biltzen dira eta, baita ere, haien harrera kritikoaren eta akademikoaren aurrerabidea; eta laugarrenak, berriz, Hiru emakume zinemagile, euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Diez, Helena Taberna eta Yannick Bellon, Euskadiko Filmategian zeinek bere ziklo eta argitalpena izan zuten hiru egile.
Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren hitzetan “euskal zinemaren historiak, beste askok bezain parekidetasun eskasa izan du eta sortu den bibliografian urriak dira euskal emakume zinemagileen perspektibatik egindako ikerketak”. “Mikroskopiotik baino, teleskopiotik begiratuta egindako lan honetan, ordurarteko gabeziak neurri batetan arintzea zen helburua; azken finean, joerak azpimarratzeko, gabeziak deitoratzeko eta, batez ere, talentuak egiaztatu eta ospatzeko balio duelako”, azaldu du.
Bestalde, Maria Pilar Rodriguezek azpimarratu du ezen gertaera “begien bistakoa” dela euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoak “ez duela presentzia indartsurik izan panorama zinematografikoan”. “Azken urteotara arte egoera ez da esperantzagarria izan. Baina, esan beharra dago ere kritika eta azterketa akademikoak ez direla behar adina ahalegindu emakume zinemagile euskaldunak beren osotasunean ganoraz arakatzen”, erantsi du. Irakaslearen iritzian, horrek ondorio “esanguratsuak” ditu. “Emakumeek egindako filmen gorakadak gure gizartea bere osotasunean ulertzeko nahitaezko begirada batekin aberastu du zinemagintza, eta emakume ikusleei identifikatzeko aukera handiagoa eman dieten erreferenteak eskaini dizkie” ondorioztatu du Rodriguezek.
Liburuaren azala Isabel Herguera zinemagilea eta ilustratzaile donostiarrak egin du.