Ibilaldi errepublikanoa egingo dute larunbatean Donostian
Donostiako Errepublikanoen Elkarteak eta Euskal Herriko Talde Errepublikanoak ibilaldi bat antolatu dute larunbaterako (hilak 4). 11:00etan abiatuko dira Maria Cristina hoteletik, XX. mendearen lehenengo erdialdeko Donostiako historia errepasatuko dute. Espainiako I. Errepublika aldarrikatu zutenetik 150 urte beteko dira hilaren 11n, eta horren harira antolatu dute egitasmoa. Antolatzaileek ibilaldira joatera deitu dituzte herritarrak.
Miguel Usabiaga idazleak gidatuko du txangoa. Marcelo Usabiaga (Ordizia, 1916-Donostia, 2015) militante komunista ezagunaren semea da, eta ondo ezagutzen du XX. mendeko historia. Hain zuzen ere, Donostia rebelde liburua argitaratu zuen 2020an, XX. mendearen lehenengo erdialdeko gertakari iraultzaileak kontatzen dituena. Halaber, hiriko memoria historikoa ezagutzeko hainbat ibilbide proposatu zituen Usabiagak liburuan. Hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen autorearekin orduan, eta elkarrizketa osoa hemen irakur dezakezue.