Kaiko amarralekuek lehengo adjudikaziodunen eskuetan jarraituko dute momentuz
Gasteizko Administrazio Auzietako 1. epaitegiak bertan behera utzi du Euskal Kirol Portuak erakundeak (EKP) 2021ean Donostiako kaian egindako amarralekuen banaketa. Adjudikazio berriak egin aurretik kaian plaza zuten hainbat erabiltzailek jarritako erreklamazioaren harira hartu du erabakia epaitegiak, eta, beraz, amarralekuek 2021eko banaketaren aurretik adjudikazioa zuten erabiltzaileen eskuetan jarraituko dute, kautelazko neurri gisa. Erabakia indarrean egongo da 2021eko adjudikazioa legearen araberakoa den argitzen duten arte.
Prozesu luzea izaten ari da kaiko amarralekuen adjudikazioarena. Izan ere, EKP-k 2021eko udaberrian abiatu zuen kaiko 384 amarralekuen adjudikazioak berritzeko prozesua, baina itxaron zerrendan gelditu ziren erabiltzaile batzuek eta baztertuak izan ziren beste batzuek erreklamazioak aurkeztu zituzten, aurretik plaza zutenek abantailak izan zituztela argudiatuta. EKP-k akatsak zeudela onartu zuen, akats horiek zuzendu zituen eta zerrenda berregin zuen, baina 2021eko prozesuaren aurretik plaza zuten beste erabiltzaile batzuek jarri zituzten orduan erreklamazioak, zerrenden berregitearekin plazarik gabe gelditu zirenak.
Epaileak prozesuko eginbide batzuk kritikatu ditu, besteak beste, eskabideak aurkeztu ondoren plazen neurriak aldatu izana. Orain, auzitegiak zehaztu behar du ea orain kautelaz baliogabetutako plazen adjudikazioa zuzena den, legearen ikuspegitik. Hala balitz, auzia itxita geratuko litzateke. Bestela, baliteke ebaztea 2021eko adjudikazioaren aurreko zerrenda egokia zela, edo prozesu guztia berrabiaraztea, beste oinarri batzuekin.