La Sirenan "arbitrariotasunarekin amaitzeko" proposamenak egin ditu EH Bilduk
Urtarrilaren 26tik 28ra itxita egon zen Ondarretako La Sirena aterpetxea kalean lo egiten duten pertsonentzat. Horren arrazoia Garikoitz Agote Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zuzendariak argitu zuen irrati kate batean; turista talde batek egindako erreserbarengatik itxi zuten aterpetxea.
Udal gobernuak hartutako erabakiak “alarma” sortu duela dio EH Bilduk, “batez ere etxerik gabeko pertsonei arreta emateaz arduratzen diren eragile sozialen artean”. Eneko Goia alkateak, atzo La Sirenaren egoera “normala” zela adierazi zuen. EH Bilduren ustez, “autokritika egin eta arazoari irtenbide bat emateko konpromisoa” hartu beharko luke. EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du aterpetxearen kudeaketa txarra, batez ere “protokoloaren arbitrariotasunagatik”.
Koalizioak dioenez, EAJk eta PSE-EEk ez dute gai hau urgentziaz jorratu nahi izan osteguneko osoko bilkuran, eta otsaileko osoko bilkuran landuko da. Bertan, hainbat neurri “egingarri” proposatuko ditu, “La Sirenaren kudeaketa arazo larriak konpontzeko”.
Lehenik, hotzaren protokoloa aldatzea eskatuko dute, aterpetxea irekitzeko eta ixteko irizpideak zabalduz, gaur egungo irizpideak zurrunegiak direla iritzita. Irizpideok koherenteak ez direlakoan, “arbitrariotasunarekin amaitzea” eskatuko dute, protokoloan argi adieraziz noiz ireki behar den. Hirugarrenik, protokolo berrian zerbitzua irekiko den ala ez aurrerapen handiagoarekin erabaki beharko dela eskatuko du EH Bilduk. Azkenik, turistek aterpetxea behar izanez gero, beste plan bat izatea proposatuko du koalizioak.