Oihana Zubillagak eta Amets Aranberrik irabazi dute VI. Herri Ametsako Talaia krosa
Herri Ametsa ikastolako Talaia mendi martxa eta krosaren VI. edizioa egin zuten igandean Ulian. Antolatzaileen arabera, “giroa aparta izan zen, eta eguraldi hotza ez zen aitzakia izan egunaz gozatzeko”.
Aurreko urteetan bezala, kros txikiarekin eman zitzaion hasiera, ondoren martxako mendizale taldea irten zen ikastolatik, eta azkenik, kroseko korrikalarien txanda izan zen. Azken hauek ikastolako ikasle dantzarien agurra jaso zuten txistulariaren laguntzarekin.
Emakumezkoen artean, Oihana Zubillaga izan zen lehena, Miren Bastida eta Tanit Perez de Lecetaren aurretik, hurrenez hurren. Gizonezko azkarrena Amets Aranberri izan zen, ondoren Iker Oliveri, eta hirugarren Beñat Katarain.