Santa eskean ibiliko dira Donostiako hainbat auzotan
Pasatu da San Sebastian eguna, baina oraindik hainbat neguko jai gelditzen dira Donostian, eta horietako hainbat pilatuko dira asteburuan Donostian. Hain zuzen ere, kaldereroak (larunbatean) eta inude eta artzainak (igandean) izango dira auzo askotan. Ordea, Santa Ageda bezpera ere izango da larunbatean, hilaren 4an, noizean behin gertatzen den moduan, kaldereroekin bat eginez.
Auzo gehienetan aterako dira Santa Ageda bezperako koplak abestera, eta auzoz auzoko deialdiak bildu ditu IRUTXULOKO HITZAk; jarraian kontsultatu ditzakezue:
- Egia: Arrano elkartearen eskutik, santa eskean aritzeko aukera egongo da larunbatean Egian; 19:00etan abiatuko dira, elkartetik bertatik. Aurretik, 12:00etan, Santa Ageda bezperako kantu jira egingo dute, Kata tabernatik abiatuta.
- Intxaurrondo: Zulo Zahar elkarteak antolatuta, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte Intxaurrondon, 17:30ean elkartetik abiatuta. Ondoren, kantarientzako afaria egingo dute.
- Altza: Bizarrain euskara elkarteak eta Altzako bertso eskolak antolatuta, Santa Ageda bezperako koplak kantatuko dituzte Altzan, 19:00etan San Martzial plazatik abiatuta.
- Loiolako Erribera: Bi talde ariko dira Loiolako Erriberan. Alde batetik, 18:30ean, Ikasbideko taldea abiatuko da, ikastetxetik. Bestetik, Erribertxo Kultur Elkartekoak 19:00etan aterako dira, Santiago plazatik.
- Añorga: Añorgan Euskaraz taldearen eskutik, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte auzoan, goizean goizetik. Hain zuzen ere, 09:00etan abiatuko dira, Amassorrain ikastetxetik.
- Aiete: Aiete Kultur eta Kirol Elkarteak antolatuta, 18:00etan hasiko dira Santa Ageda bezperako koplak abesten, Jolastokitik abiatuta eta Munton bukatuta.
- Herrera: Herreran, kaldereroekin bat ez egiteko, 12:30ean aterako dira koplak abestera. San Luis Gonzaga plazatik aterako dira.
- Igeldo: Igeldoko jubilatuek antolatuta, estreinakoz, Santa Ageda bezperako koplak abesten ariko dira. 18:00etan hasiko dira beheko plazan, eta hainbat geldialdi egin ostean (Kalonje sagardotegian eta Txapela tabernan, besteak beste), 20:00ak aldera bukatuko dute.
- Parte Zaharra: Bi talde ariko dira Parte Zaharrean Santa Ageda bezperako koplak kantatzen. Eguerdian, Donostiko Asanblada TransBolloMarikak antolatuta, Bollo Santa Ageda ospatuko dute auzoko kaleetatik, 12:00etan hasita. Arratsaldean, 18:00etan, Kresala elkartekoak aterako dira, elkartetik.
- Gros: Donosti Ereski abesbatzak antolatuta, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte Grosen, 19:00etan Karkizano kaleko 2. zenbakitik abiatuta.
- Antigua: Antiguotarrak elkarteren eskutik, santa eskean ariko dira, 12:00etan elkartetik abiatuta.