Aingeru Gorrotxategik Santa Agedaren abesti herrikoiaren moldaketa aurkeztu du
Igandeko Santa Ageda egunari begira, Aingeru Gorrotxategi musikari donostiarrak abesti herrikoiaren bertsioa plazaratu du Lur Barnea taldearekin. Folk kutsuko moldaketa da albokak lagunduta. Aurreneko aldia da Gorrotxategik horrelako bertsio bat egiten duela. “Orain arte kantu propioak egin baditugu ere, abesti herrikoien bitartez ere gure historia zabaldu daiteke, eta abesti honek tradizio luze eta polita dauka”, azaldu du donostiarrak.
Ondorengoa ere gaineratu du Gorrotxategik: “Gure herrian ondo errotutako tradizioa da Santa Agendaren bezperan kaleetan kopla zahar horiek abestea. Mende askotako tradizio honek jatorri landatarra badu ere, gaur egun Euskal Herriko herri eta hiri guztietan entzun daiteke otsailaren 4an. Ezaguna denez, abestiaren erritmoa makilek eramaten dute, lurra kolpatuz. Honek gogorarazten digu kantuaren benetako esanahia, hau da, lurra esna dadin egiten den deia, neguko solstizioaren amaiera iragarriz”.