"Inoizko jendetsuena izango da aurtengoa"
Kaldereroak bueltan dira, eta Amarako konpartsak 20 urte beteko ditu aurten. Ez dute urteurren horren harira ezer berezirik prestatu, baina bai Donosti Berri elkartearen iazko mendeurrenaren harira. Gainera, auzokoak "gogoz" daudela nabarmendu du Amarako kaldereroetako kide Iñaki Goñi Irazusta 'Nerbios'-ek, 200 bat lagunek desfilatzea aurreikusten baitute.
Bi urteren ondoren, hemen dira berriz kaldereroak. Gogoz zaudete?
Bai. Lehengo urtean zalantzan ibili ginen, baina, azkenean, ez ateratzea erabaki genuen. Baldintza asko jarri zizkiguten atera ahal izateko, eta bertan behera uztea erabaki genuen, ez zuelako merezi.
Aurten, ordea, ondo gabiltza. Azken urtean baino askoz gehiago aterako gara. Nik uste dut 150 heldu baino gehiago aterako garela, eta haurrekin 200 bat izango garela. Izan ere,jende asko etorri zait galdezka nola eman behar duen izena, eta abar. Inoizko jendetsuena izango da aurtengoa, boom moduko bat egon da.
Bi urteren ondoren, jendeak kaldereroetan ateratzeko gogoa zuen.
Guretzat ezustekoa izan da, ez pentsa. Izan ere, hasi ginenetik, 50-60 lagun atera gara beti, baina ez genuen inoiz hortik gora egiten. Hain zuzen ere, 2020a izan zen 100 parte hartzaileen langa gainditu genuen lehenengo urtea, eta gustura gelditu ginen. Geldialdiaren ondoren joera mantendu dela ikusita, badirudi konpartsa sendotu egin dela.
Zerbait berezia egingo duzue aurten?
Lehenengo aldiz, diskurtsoa Easo plazako kioskoan emango dugu. Lehen, balkoi batetik egiten genuen, baina ez zegoen gustura egoteko espazio nahikoa. Orduan, aurten kioskoan egitea erabaki dugu, atera eta berehala. 18:00etan aterako gara Donosti Berri elkartetik, eta 18:15ean emango dugu diskurtsoa. Horrela, gainera, egun argiz izango da.
Donosti Berri elkarteari keinuren bat egingo diozue, ezta?
Plazako diskurtsoan aipamena egingo diogu elkarteari, noski. Izan ere, iazko maiatzean bete zituen 100 urte, eta aurtengo maitzera arte, mendeurrenaren urtean gaudela esan dezakegu. Beraz, zerbait egingo dugu, bai.
Donosti Berrik antolatzen ditu kaldereroak?
Auzolanean antolatzen ditugu. Egia da Donosti Berri dela nolabait erdigunea, elkartean egiten ditugulako entseguak, eta abar. Hala ere, Mamur aisialdi taldeak eta Amara Bai eta Morlanstarrak auzo elkarteek ere antolaketan parte hartzen dute. Izan ere, Morlanskoek hainbat urte daramatzate gurekin ateratzen. Urte batean, hain zuzen, Morlanstik atera ginen eta Autonomia kaletik etorri ginen Amarara. Ordea, metroaren lanengatik-eta, orain beti ateratzen gara Amaratik.
Gainera, urte hartan euri asko egin zuen. Aurten, badirudi aguantatuko duela!
Zer ibilbide egingo duzue?
Ohiko ibilbidea egingo dugu: elkartetik Easo plazara joango gara, eta pare bat geldialdi egingo ditugu bertan. Ondoren, Easo kaletik Alboka tabernaraino joango gara, han beste geldialdi bat egiteko. Jarraian, Errege Katolikoen kalera joango gara, eta bi geldialdi egingo ditugu han. Urbieta kaletik eta Autonomia kaletik pasatuko gara gero, eta Moraza kalean sartu-irten bat egin ondoren, Easo plazan bukatuko dugu. Plazan txorizoa, salda eta halakoak banatuko ditugu, eta desfilea bukatutzat emango dugu.
Zein izango da erregina?
Nahi duenak hartzen du rol hori, baina urtero erreginaz jantzita ateratzen den bakarra Alberto kidea da.
Abestiak euskaraz kantatzen dituzue, ezta?
Hasiera-hasieratik, guk soilik euskaraz abesten dugu. Bueno, eta hungarieraz!
Ateratzen hasi ginenean, ikusten genuen ordurako eskola guztietan euskaraz abesten zituztela kantak, eta hainbat belaunaldi zeudela abesti horiek gaztelaniaz ezagutzen ez zituztenak. Beraz, modu naturalean erabaki genuen euskaraz abestea, eta gaia ez da berriz eztabaidatu. Nik bere garaian banekizkien abestiak gaztelaniaz, baina gaur egun arraroa egiten zait gaztelaniaz entzutea.
2003an atera zineten estreinakoz, beraz, aurten 20 urte beteko dituzue, ezta?
Hala da, bai! Baina, ez dugu ezer berezirik prestatu horren harira. Bi urte atera gabe pasatu ondoren, ez dugu horretan pentsatu ere. Gainera, Donosti Berriren mendeurrenak nolabait gainditu egiten du konpartsaren 20. urteurrena.
Zeintzuk izan dira 20 urte hauen mugarri historikoak?
Besteak beste, erreginaz atera ohi zen Iñaki kidea hil zenean, orain dela lau bat urte, desfilearen hasieran omenaldi bat egin genion: bertso bat kantatu genion, eta emazteari plaka bat oparitu genion.
Beste urte batean, Esnaola tabernari ere plaka bat oparitu genion. Izan ere, orain arte, konpartsa txikia izan gara, eta diruz nahiko larri ibili ohi ginen. Horregatik, urtean zehar jarduera batzuk antolatzen genituen dirua biltzeko, besteak beste, San Martin egunean postua jartzen genuen. Kontua da Esnaola tabernan zozketa bat antolatzen hasi ginela, eta ordutik pixka bat egonkortu ginela. Orduan, esker onez, urte batean omenaldi txiki bat egin genion tabernari. Han geldialdia egin genuenean, trofeo txiki bat eman genion tabernakoari, eta abar.