Izena eta izana bat ez datozenean
XIX. mendean, donostiarrek bazuten senide eta lagun artean elkartzeko leku bat Amaran: Osasunaren iturria. Igande eta jai egunetan giro ederra izaten zen bertan, eta bertako ura osasungarria zela uste zelako jarri zioten izen hori. Gerora, teoria hori baliogabetu zuten.
Easo plazan aurkitu dezakegu gaur egun garai bateko Osasunaren iturriaren erreplika. Originala dagoeneko existitzen ez bada ere, garai batean, Amarako Autonomia kalean zegoen, 13. zenbakiaren parean. Antzinako herritarren ustetan, iturri horretako ura osasuntsua zen, eta hortik zetorkion izena.
Osasunaren iturriak hiru tutu zituen, harrizko horma batean jarrita, Pela edo Peseta deitzen zioten muinoaren magalean. 1863. urtean, Donostiako harresiak bota zirenean, Plaza Zaharrean zegoen iturri gaineko burdinazko lehoia kendu, eta Osasunaren iturriaren gainean jarri zuten. Handik gutxira, Lasala plazako harrizko iturriaren gainean kokatu zuten, eta, gaur egun, lehoiaren burua Lasala plazako burdinazko oinarri baten gainean ikus daiteke.
San Sebastian: revista anual ilustrada-ren arabera, igandeetan eta jaiegunetan familia asko biltzen ziren Osasunaren iturriaren ondoan.
Arazoak iturriarekin
1881. urtean, Osasunaren iturriko latsarria eraiki zuten, baina arazoak sortu zituen, bertatik pasatzen zirenak busti egiten zirelako. 1890ean hura hobetzeko lanak egin zituzten, baina iturria itxita egon zen, gainean zegoen putzu beltzeko ura iturrikoarekin nahastu zelako. Urte hartako abuztuaren 18an, oniritzia eman zion uraren kalitateari udal laborategi kimikoak.
1905ean, udal ingeniariak Donostiako iturriei buruzko txosten bat aurkeztu zion udalari iturria kentzea hobe zela esanez. Besteak beste, argudiatzen zuen ez zela ur biltegi nagusiko urarekin elikatzen, uraren jatorria ezezaguna zela eta gaixotasunen jatorri izan zitekeela. Beraz, udalak iturria itxi eta hango orubeak saldu zituen. Beranduago, gaur egungo Autonomia kalea eta hango etxeak eraiki zituzten.