Jazarpen indarkeriak eragindako arrastoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak Hurrengoa zu. Mehatxu larriak eta jazarpen indarkeria Gipuzkoan (1975-2011) erakusketa inauguratu du gaur goizean, Aieteko kultur etxean. Izenburuak dioen moduan 1975etik 2011ra bitartean Gipuzkoan jazarpen indarkeriak eragindako arrastoa eta ondorioak erakusten ditu.
“Gure lurraldean milaka pertsonak jasandako indarkeria mota horren biktimei ahotsa eskaintzen die”, nabarmendu du aldundiak. Erakusketa antolatzeko, Baketik fundazioaren laguntza izan dute. Maider Maraña zuzendariak azaldu duenez, “gonbidapen eta lehen urrats bat da indarkeria hau gure gizartean ere ezagutua eta aitortua izan dadin”.
Erakusketak indarkeria hori pairatu zuten biktima batzuen testigantzak entzuteko aukera eskaintzen du. Besteak beste, ondorengoek parte hartu dute: Arritxu Marañon eta Jose Morcillo zinegotzi sozialistek, Nerea Amutxastegik, Arantza Quiroga EAEko PPko presidente ohiak, Pilar Zubiarrain abokatuak, Martxelo Otamendik eta Joan Mari Torrealdairen seme-alabek.
Testigantzez gain, mehatxuak eta jazarpen indarkeria nola gauzatzen ziren erakusten duten hainbat material eta argitalpen erakusten ditu erakusketak, baita ordezkari politikoei, kazetariei eta enpresaburuei zuzendutako estortsio eta mehatxu gutunak ere bai, besteak beste.