Pasealeku Berriko lanetan 'Armeria Euscadiensis' lore endemikoa babesteko eskatu du Eguzkik
Urgull mendiaren hegala egonkortzeko obrak hasiko direnez, igandetik aurrera Pasealeku Berria itxita egongo da oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Lanek ekainera arte iraungo dute. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, “segurtasun arrazoiak direla eta itxi behar da”; izan ere, azken hilabeteetan luizi batzuk izan dira, eta hormigoizko horma bat jarri behar izan da babes neurri gisa.
Segurtasuna hobetzeko lan hauen harira, Donostiako Eguzki elkarteak ohartarazi du lanak egingo dituzten zonan ‘Armeria Euscadiensis’ lore endemikoa dagoela. Landare berezia da, bakana. Euskal Herriko kostaldeko gune jakin batzuetan baino ez baita loratzen. Ez beste inongo kostaldetan, ez beste inongo labarretan. Gipuzkoako Jaizkibeletik Uliarako tarte horretan, eta Bizkaian beste guneren batean. Donostiako Udalari eskatu dio inguru horretan dauden landareak babesteko, eta espezie hau ez desagertzeko neurriak hartzeko eskatu du. Lanak egin behar diren lekuan guztira hamar bat ale daudela esan du Eguzkik.
Eguzkiren arabera, botanikari frantses batzuk jabetu ziren endemismo mota honetaz, 1965ean. Lehen landarea Urgullen aurkitu zuten. Ondoren, Ulian eta Jaizkibelen aurkitu zituzten espezie bereko landare gehiago. Armeria endemismo bat da, bertakoa da, autoktonoa, eta zabaldu ez dena. Populazioa oso bakartua da. Baldintza ekologiko oso jakin batzuk behar ditu, oso puntu gutxitan gertatzen da, eta ez dauka mekanismo eraginkorrik dipertsatzeko.
Aranzadi elkarteak Donostiako Udalarentzat egindako ikerketa batean nabarmendu zuen espezie honen egoera ez dela ona. Kostaldeko azpiegiturek arriskuan jar dezaketela ohartarazi zuen. Honako hau ere gehitzen zuen: “Lan guztiak espeziaren populazioak errespetatzeko baldintzapean planifikatu beharko lirateke”.