Ekitaldi ultraeskuindar bat egingo dute Club Cantabrico elkarte baztertzailean
Alvaro Romero frankista, Jesus Longueira Espainiako Poliziako agente ultraeskuindarra eta Martin Saenz de Ynestrillas enpresari ultraeskuindarra Donostiako Club Cantabrico elkarte gastronomikoan egongo dira hilaren 23an, Longueirak idatzitako ETA, ni olvido ni perdón liburua aurkezten. SND argitaletxe ultraeskuindarrak argitaratu du liburua, eta, hain zuzen ere, editore lanak egin ditu Romerok. Ynestrillasek, aldiz, hitzaurrea idatzi du.
1891n sortutako Club Cantabrico elkartea Donostiako elkarte baztertzaileetako bat da, emakumeek ezin baitute bazkide izan, eta danborradan ez dute danborrik edo upelik jotzen; ateratzen diren emakume gutxiek beste rol batzuk hartzen dituzte –banderaduna, kantinera, eta halakoak–. Elkartearen webgunean oraindik ez dago iragarrita ekitaldi ultraeskuindarra, baina argitaletxeak berak iragarri du dagoeneko.
SNDk, gainera, gorroto mezuekin iragarri du ekitaldia. Argitaletxearen arabera, aurkezpena “aukera paregabea” izango da ” talde hiltzailearen ia 1.000 hildakoei omenaldia egiteko, are gehiago gaur egun, garrantzirik gabeko gatazka gisa aurkeztu nahi dutenean”. Gainera, argitaletxe ultraeskuindarrak dio ekitaldia Donostian izateak “garrantzia bikoitza” duela, “talde terroristaren sorlekua delako”.
Martin Saenz de Ynestrillas, falangista
Falangista ezaguna da Martin Saenz de Ynestrillas, besteak beste, Falange Espainola alderdi ultraeskuindarraren eta ADÑ koalizio ultraeskuindarraren hautagaia izan baita. Sare Antifaxistaren arabera, 2007an eta 2008an ere Donostian egon zen Saenz de Ynestrillas, eta “erantzun antifaxista” izan zen hirian. Memoria Demokratikoaren Legearen aurka idatzi du hitzaurrea falangistak, lege horren, Espainiako Gobernuaren, EH Bilduren eta ERCren aurkako gorroto mezu ultraeskuindarrak zabalduz.
Romerori dagokionez, SND argitaletxeko editorea da, eta argitaletxe horrek argitaratutako liburuen zerrenda ikusi baino ez da egin behar, euren ildoa ikusteko. Frankismoa goraipatzen duten liburuak dira nagusi, besteak beste, Romerok berak koordinatutako Franco. Memoria inborrable (2021). ÑTV hedabide ultraeskuindarrean ere lan egiten du Romerok, eta, hain zuzen ere, berriki, Longueira elkarrizketatu du hedabide horretan. Club Cantabricon aurkeztuko duten liburuaren harira egin zuten elkarrizketa, eta, besteak beste, autoreak generalísimo deitu zion Francisco Franco diktadoreari, eta esan zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik espetxean jarraitu beharko lukeela.
Liburua Euskal Herriko gatazkako bake prozesuaren aurkakoa da, eta ultraeskuinaren kontakizun faltsua goraipatzea du helburu. Ildo horretatik, Romerok elkarrizketa horretan “Euskadiren eta Espainiaren arteko gerra” gisa definitu zuen gatazka, eta esan zuen “Euskadik irabazi” duela.
Ynestrillastarrak, sendi ultraeskuindarra
Ynestrillas historikoki Espainiako ultraeskuinarekin eta tradizio militarrarekin lotuta egon den abizen bat da. Martinen herenaitonak, Ramon Saenz de Inestrillasek, hirugarren karlistaldian borrokatu zuen, Carlos Borboikoaren alde. Ramonen seme eta Martinen birraitona Ricardo Saenz de Inestrillas y Pardo Espainiako armadako Infanteriako ofizial izan zen, eta haren seme Alfredo Saenz de Ynestrillas (Martinen aitona) falangista izan zen eta 36ko gerran borrokatu zuen, Francoren alde.
Alfredoren semea eta Martinen aita, Ricardo Saenz de Ynestrillas Martinez, Espainiako Legioan aritu zen, besteak beste, eta Espainiako Gobernuaren aurkako konspirazioan aritu zen hainbatetan. Hain zuzen ere, Operacion Galaxia estatu kolpe saiakeran parte hartu zuen 1978an, Antonio Tejerorekin batera. Gerora, Tejerok eman zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea –otsailaren 23an egingo dute Club Cantabricoko liburu aurkezpena–. Besteak beste, Espainiako Gobernuko agintarien aurkako bonba bidezko eraso saiakera batean parte hartzea ere leporatu zioten 1985ean. Hurrengo urtean, 1986an, ETAk hil egin zuen.
Hiru seme izan zituen Ricardo Saenz de Ynestrillas Martinezek: Ricardo, Martin eta Jesus Saenz de Ynestrillas Perez. Ricardo ultraeskuindar ezaguna da, besteak beste, Alianza por la Unidad Nacional alderdia sortu zuelako, ezker abertzalearen aurkako hainbat ekintza paramilitarretan parte hartzeagatik epaitu eta absolbitu zutelako –besteak beste, Josu Muguruzaren erailketarengatik–, Gibraltarren bost eguneko kartzela zigorra ezarri ziotelako Morisco gazteluan Espainiako bandera jartzeagatik, eta, Espainiako Auzitegi Gorenak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri ziolako, 1997an pertsona baten aurka tiro egiteagatik, pertsona horrek kokaina saldu nahi izan ez ziolako.