Irulegiko Eskuaz ariko dira Arkeologia jardunaldietan
Asteartetik ostiralera unean uneko ikerketa arkeologikoekin lotutako bost hitzaldi egingo dituzte San Telmo museoko areto nagusian.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta San Telmo Museoak 21. Arkeologia jardunaldiak aurkeztu dituzte, eta azaldu dute aurten ekitaldi berezia egingo dutela Irulegiko Eskuaren inguruan. Emanaldiak musika eta zientzia elkartuko ditu. Irulegiko aztarnategiko Mattin Aiestaran zuzendaria indusketari buruzko eta Irulegiko Eskuari buruzko hitzaldia emango du, eta musikaz jantziko dute ekitaldia Oreka TX taldeak eta Bulego musika taldeko Tom Lizarazuk. Otsailaren 13an izango da, 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta euskaraz izango da. Hitzaldi berezi honetarako gonbidapenak eskuratu daitezke San Telmo museoan bertan, hialren 12a arte, eta sarrerarik geratuz gero emanaldiaren egunean bertan izango dira eskuragarri Antzoki Zaharreko leihatilan.
Otsailaren 10ean hitzaldi batekin osatuko dute aurkikuntza esanguratsuaren inguruko informazioa. Mattin Aiestaran, indusketen zuzendaria, Javier Velaza, latindar filologian katedraduna Bartzelonako Unibertsitatean eta Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalaritza indoeuroparreko katedraduna ariko dira hizlari moduan San Telmo museoan. Topaketa honetan aurkikuntza epigrafiko paregabe baten testigantza aurkeztuko da, bere epigrafiako ikertzaileek eta aztarnategiko zuzendariak azalduta. Aurkikuntza hau mugarria izan da baskoien hizkuntza eta sinesmenei buruzko ikerketan. Arangurengo Irulegiko mendia 2007. urtetik ari da ikertzen Aranzadi Zientzia Elkartea. Hitzaldi hau elebiduna izango da.
Otsailaren 7an Trikuharrien ibilbideaz ariko dira San Telmo museoan. Hizlaria Jesus Tapia izango da, Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurreko arkeologoa. Telesforo Aranzadik eta Joxemiel Barandiaranek trikuharriak eta tumuluak induskatu zituzten Urola eta Deba arteko mendietan duela 100 urte. Mende bat geroago, gaur egungo arkeologoak metodologia berriekin itzultzen dira toki horietara, aurkikuntza berriak lortuz. Hitzaldi honetan egindako lanari buruzko liburua aurkeztuko da. Hitzaldi hau euskaraz izango da.
Otsailaren 8an Getariako badiako arkeologian murgilduko dira. Ana Maria Benito, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa izango da hizlaria. Duela 500 urte, Flandesko urka bat hondoratu zen Getariako badian, kobrezko lingoteen kargamentu baliotsuarekin. Afrika Subtropikalera zihoan. Kargamentua berreskuratzea izan da euskal kostaldean urpeko arkeologiaren proiektu garrantzitsuenetako bat. Abentura arkeologiko hau Ana Benito arkeologoak kontatuko du eta Iturritxiki dibulgazio-liburua aurkeztuko da. Hitzaldi hau gaztelaniaz emango da.
Hitzaldi guztiak streaming bidez ikusi ahal izango dira San Telmo Museoko Youtubeko kanaletik.