Ekialdeko Barrutiaren lokaleko lanak adjudikatu dituzte
Unebide Obras y Contratas S.L. enpresari adjudikatu dizkiote Ekialdeko Barrutiaren lokal berriaren egokitzeko lanak, 393.942 euroko aurrekontuarekin eta lanak sei hilabetean gauzatzeko epearekin. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, “azken hilabeteotan beste hainbat proiekturekin gertatu den moduan”, bi aldiz atera behar izan dute proiektua lehiaketa publikora, lehenengoan ez baitzen enpresarik aurkeztu. Alkateak adierazi du “prezioen gorakadarengatik” gertatzen ari dela hori, eta, hain zuzen ere, lehiaketa publikora atera zuten bigarren aldian %20 igo zuten aurrekontua.
Altzako Harrobieta plazako 17. zenbakian dago lokala, eta 250 metro koadroko azalera du. Udalinfo herritarrentzako arreta bulegorako areto bat izango du, hiru posturekin –44,40 metro koadro–, eta Ekialdeko Barrutiko batzordearentzako eremu bat, ondorengo ezaugarriekin: bi bulego –22,60 eta 13,10 metro koadro–, eta bilera eta batzar areto bat –71 metro koadro–, itzulpen gela –3,85 metro koadro– eta instalazio aretoa –13 metro koadro–. Bestalde, bi komun –13,60 metro koadro–, eta langileentzako bulego bat –11,25 metro koadro– izango ditu.
Sarreratik Udalinfoko gunera sartu ahal izango da zuzenean, eta han bulego ordutegitik kanpo erabili ahalko diren bi autotramitazio makina berri jarriko dituzte.